Lekeitioko EH Bilduk ekainaren 23ko polizia operazioaren neurrigabetasuna salatu du
Auzitegi Nazionaleko aginduari jarraituz, Lekeitioko gazte bi atxilotu eta haien etxeak miatu zituen Ertzaintzan ekainaren 23an. Gertaera hori dela eta, adierazpen bat aurkeztu dute udalean, eta udala osotzen duten alderdi bien adostasunagaz onartu zuten atzoko [uztailak 8] osoko bilkuran.
Ekainaren 23an Lekeition bizi zuten egoeraren aurrean kezka adierazi du Lekeitioko EH Bilduk. «Auzitegi Nazionaleko aginduari jarraituz, herriko gazte bi atxilotzera eta haien etxeak miatzera joan zen Ertzaintza. Zabaldutako operazioaren tamainak beldurra eta ezinegona eragin zituen herritarren artean, irudiak sinestezinak baitziren askorentzat», gogoratu dute. Gertaera hori dela eta, adierazpen bat aurkeztu dute udalean, eta jakitera eman dutenez, herriko EAJgaz ahalegindu dira adosten, «beti ere, udal talde biek aho batez onartzeko helburuagaz».
Aurkeztutako proposamenak hiru puntu ditu. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak «euskal herritarrak jazartzen jarraitzen duela» diote, «gatazka betikotu eta herri honen sufrimendua areagotzeko helburuagaz». Eta jarrera hori «erabat kontrajarria» dela adierazi dute Euskal Herrian egun bizi den errealitatearekiko.
Gehiegizkoak. Bestalde, Auzitegi Nazionalaren agindua betetzeko Ertzaintzak mobilizatutako bitartekoak «gehiegizkoak» izan zirela uste dute, eta eskainitako irudiak beharrezkoak ote ziren galdetzen dute. Are ulertezinagoa deritzote gertatutakoari, hurrengo egunean gazteak deklaratu ostean karguekin aske utzi zituztela jakinda. Horrek, euren ustez, «zalantzan uzten du operazioaren proportzionaltasuna».
Eta, azkenik, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiak lanean jarraituko dutela adierazi dute «halako egoerak berriz errepikatu ez daitezen, herritarren eskubideak bermatu eta benetako bizikidetza lortzera bidean».
Koalizioaren esanetan, «buelta asko eman ostean», posible izan dute herriko EAJgaz ados ipintzea. Izan ere, adostasunez onartutako adierazpenak koalizioak hasieratik proposatutako oinarrietako bat jasotzen du, EH Bildurentzat ezinbesteko baldintza zena: operazioaren proportzionaltasuna zalantzan jartzea.
Adostutako adierazpena atzoko [uztailak 8] osoko bilkuran onartu zuten.