Markina-Xemeingo Leartiker BRTAko kide bihurtu da
Gaur [uztailak 8] sinatu dute atxikimendu hitzarmena BRTAren Mendaroko egoitzan. Leartiker da Basque Research Technology Alliancen (BRTA) sartu den lehen eragilea.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hamazazpi eragile zientifiko-teknologikok osatutako Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzan sartu da gaur [uztailak 8] Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoa. Mendaron dagoen BRTAren egoitzan sinatu dute atxikimendu hitzarmena. Bertan egon dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusia eta Amaia Egia Leartikerreko zuzendari nagusia.
Joan den maiatzean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) Foku Anitzeko Zentro Teknologiko izendapena jaso zuen Leartikerrek, eta horri esker, I+G+b esparruan erreferentziazko zentro bat bihurtu duela esan dute, eta BRTA aliantzan sartzeagaz urrats bat harantzago doazela adierazi dute: “zentro teknologikoak azken urteetan izan duen aparteko hazkundearen adierazgarri da”.
“Leartiker, batetik, garatzen dituen proiektuen transferentzia teknologikoaren indize altuagatik nabarmentzen da, eta hori gure inguruko enpresei eskaintzen dien hurbiltasunari esker da, eta bestetik, bere nazioartekotze maila handia ere nabarmentzekoa da. Leartiker BRTAn sartzea albiste bikaina da gure Aliantzaren dibertsifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, eta euskal enpresen lehiakortasuna handitzeko eta haien osagai berritzailea bultzatzeko, eta modu erabakigarrian laguntzen dio Europako Batasuneko berrikuntza handiko lurralde gisa Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren irudia indartzeko egiten dugun lanari “, ziurtatu du Buenok.
Konpromisoa. Amaia Egia Leartikerreko zuzendariak adierazi duenez, BRTAgaz bat egiteak baieztatu egiten du Leartikerrek garapen teknologikoaren alde egindako apustua, euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko funtsezko tresna gisa. Eta hori lortzeko ezinbestekoa dela esan du Leartikerrek bezalako prestakuntza eta espezializazio handiko giza-talde baten konpromisoa, “tokiko lankidetzan oinarrituta dagoena, baina beti ere nazioarteko esparrura bideratutako begirada globalagaz”.
Leartikerreko zuzendari nagusiak lan-taldeari eta instituzioei eskerrak eman dizkie: “Ibilbide oparoa izan dugu, eta honaino iristeko bidelagun izan ditugun enpresa eta instituzioak azpimarratu nahiko nituzke, eta zelan ez, gure lan-taldearen konpromisoa. Lan taldea, enpresa eta instituzioen, batez ere Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, babesari esker gaude gaur hemen”.
Ekitaldi amaieran, Arantxa Tapia sailburuak hartu du hitza, eta Leartikerreko giza talde osoak egindako ahalegina azpimarratu du: “Lantalde oso kualifikatua eta motibatua dute, eta hau guztia posible egin dute. Garrantzizkoa da baita ere Bizkaian zelan dagoen sustraitua, Lea-Artibai eskualdean, eta bertako enpresa ertain eta txikiei eskaintzen dien hurbiltasuna eta zerbitzua, prestakuntza-zentro modura duten jatorriari leialak izanez. Bere jatorrizko garapenak, polimeroak eta elikagaiak, egun BRTAn dugunaren osagarriak dira guztiz”. Leartiker gehituta, BRTAk gihar gehiago lortu duela esanez amaitu du aurkezpena Sailburuak.
2019an sortu zenetik, Leartiker da Basque Research Technology Alliancen (BRTA) sartu den lehen eragilea.