Xemein abesbatzak KUP taldearen saioa dakar Markina-Xemeinera
Musikenen sortutako abesbatzaren saioa zapatuan [uztailak 10] izango da, 19:30ean, Xemeingo parrokian. KUP taldearen ezaugarri nagusiak zorroztasuna eta kalitatea direla diote.
Markina-Xemeingo Xemein abesbatzak 45 urte betetzen ditu aurten. Eta bestelako ospakizunen artean, abesbatzak KUP taldearen kontzertua antolatu du zapaturako [uztailak 10]. Emanaldia 19:30ean izango da, Xemeingo parrokian, eta doan izango da.
KUP taldea 2003ko udaberrian sortu zen, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren baitan; Gabriel Baltes Musikeneko abesbatzen zuzendaritzako irakaslearen gidaritzapean sortu zen. Ordutik, Euskal Herriko herri ezberdinetako abeslarien ahotsez hornitu da taldea, eta hasiera baten hamasei kidegaz sortu zen abesbatza egun den talde anitz eta mardula bilakatu da.
Egindakoak eta lorpenak. Hamazortzi urteko ibilbidean, proiektu eta programa asko egin izan ditu KUPek. «Horiek guztiak euren artean oso desberdinak izan badira ere, beti komunean eduki dute taldeak bere egin dituen ezaugarri eta bereizgarriak: zorroztasuna garai eta estilo desberdinetako musika interpretatzerakoan, eta kalitatea», zehaztu dute taldeko ordezkariek.
Azaldu dutenez, KUPek euskal musikari ere dagokion tartean eskaini izan dio beti, egile klasikoen lanak berreskuratuz, gaur egun puri-purian dauden euskal musikagileekin elkarlanean arituz edota euskal musika korala sustatuz. «Horren guztiaren erakusle dira urte hauetan guztietan edukitako lorpenak: hamaika sari nazioarteko lehiaketa eta jaialdietan, eta kritikoen aldetik jasotako ahobeteko antzatespena»