Zuriñe Urrosolo: "Txakur bat nahi dutenei aholkatzen diet pentsatzeko zertarako nahi duten"
Ondarrutarrak dio txakurra eman ahal diozunaren arabera aukeratzea ezinbestekoa dela, eta aukeraketa hori profesionalen laguntzagaz egin beharko litzatekeela.
Txakur bat hartu aurretik, zer egin behar dugu?
Denok ez dugu txakur bat edukitzeko balio, eta denak ez daude pertsona guztientzat prestatuta. Txakur bat nahi dutenei aholkatzen diet pentsatzeko zertarako nahi duten, ze helburu eta denbora duten eta txakurrak ze premia eta behar dituen. Txakurra eman ahal diozunaren arabera aukeratzea, profesional baten laguntzagaz. Zelako txakurra ondo datorkizun erabaki behar da, urte askotan biziko delako zugaz. Arazo gutxien emango dizuna hartu behar da, zugaz ederto bat egiten duena, ez gustatu zaizulako, gero arazoak sortzen dira eta.
Heziketan zer da funtsezkoa?
Garrantzitsua da bere betebehar psikologikoak eta fisiologikoak ondo beteta egotea. Normalean, gehienok psikologikoetan huts egiten dugu, txakurrari ez diogu lan psikologikoa eragiten. Jan- edana ematea, kaka eta txisa egiteko ateratzea, kalera ateratzea, mendira eroatea, fisikoki nekatzea… dira fisiologikoak, baina eurekin ez ditugu ariketa psikologikoak egiten. Lanketa horregaz txakurra askoz orekatuago eta lasaiago egongo litzateke. Milaka ariketa daude, eta ez dira zailak. Normalean, etxean sortzen diren arazo gehienak izaten dira fisikoki ez ditugulako nekatzen edo ariketak gutxiegi direlako. Txakur bakoitzak bere premiak ditu, eta euren behar edo premia psikologikoak ondo bideratuta, arazo gehienak konpondu edota saihestu litezke.
Ze ariketa dira onuragarriak?
Askotan heziketa ariketak nahikoa izaten dira txakurra psikologikoki nekatzeko. Paseatzera goazenean ez diogu esaten jartzeko, etzateko, geldi egoteko, altxatzeko, oztopoetatik pasatzeko… Pentsatu egin behar du, ikasi duena egunero praktikan jarri. Ezjakintasunak arazo gehiago ekartzen ditu, oinarrizkoa badakigu, ezin dela etxean egon denbora guztian eta kalera atera behar dugula. Adibidez, usaimeneko ariketak oso garrantzitsuak dira, eta normalean ez ditugu egiten, ezjakintasunagatik, ez ez dugulako nahi. Oinarrizkoak dira, funtzionalitate garrantzitsua daukan aparatua da sudurra.
Zein aholku ematen dituzu?
Hiri-altzariak erabilita, gauza asko eragin ahal dizkiogu txakurrari: zig-zag-ak, petrilera altxatzea, azpitik pasa… luzarora txakurrari bere buruarengan konfiantza ematen diote. Ariketez gain, denbora hartzea ezinbestekoa da. Ahal izanez gero, profesional bategaz batu eta txakurragaz ariketa espezifikoak egitea aholkatzen dut. Ulertzen dut denbora eta dirua behar direla. Adibidez, agility batzuei ondo etortzen zaie, baina denei ez. Zentro askotan egiten duten kirol diziplina da. Eta mantrailing deiturikoan usaimena landuta, ezkutatuta dauden pertsonak topatzen dituzte. Ez da bilaketa, ezberdina da; jolas modura da.
Pandemian txakurrak ondo zaindu ditugu? Zelan eragin die pandemiak?
Batzuei asko eragin die, kalte handiak eragin dizkie, batez ere etxean sartuta egon ginenean. Etxean egotean batzen den energia kentzeko ez geneukan denbora gehiegi. Txakur askori kalte egin die sozializazio faltak. Eurek asko sozializatzen dute bai pertsonekin eta bai txakurrekin. Pandemian askok ez dute beste txakurrik eta pertsonarik ikusi. Bat-batean lehen egiten ez zituzten gauzak egiten hasi ziren, euren beharrak ez zeudelako ondo beteta. Batzuek erraz buelta eman diote horri, eta beste batzuek ez hain erraz. Lanketa bat egin behar izan dute lehengora bueltatzeko. Lehen lau hilabeteak oso garrantzitsuak dira; txakurra normalean pare bat hilabetegaz hartzen da, eta lau hilabetera arte da soziabilizatzeko garairik onena.
Asko udan abandonatzen dituzte. Non utzi daitezke?
Kasu gehienak udan izaten dira bai. Txakurra ez baduzu nahi, ezin baduzu ondo zaindu, ez badaukazu denborarik edo bizitza aldatu bazaizu, mila irtenbide daude: partikularrei galdetu ea nahi duten, profesional bati galdetu zer egin litekeen, hotel batera eroan… Errezidentzia asko daude astebeterako zein opor guztietarako lagatzeko. Batzuek modu gizagabean abandonatzen dituzte; ezin dira edozelan eta edonon abandonatu. Emozioak dituzte. Txakurrenganako sentsibilitate falta dago. Normalean 10-15 urte artean bizi dira, tamainaren arabera. Agian, txakurra hartu eta urte batzuetara bizimodua asko aldatzen zaizu. Ez da ez duzula eduki nahi, ez daukazu denborarik behar den moduan zaintzeko. Abandonatu aurretik mila ate jo, eta txakurra ondo laga beharko litzateke.
Animalien babeslekuen lana gertutik ezagutzen al duzu?
Lan handia eta gogorra daukate. Normalean gainezka egoten dira, eta lana boluntarioa da. Lege batzuk betearazi beharko litzaizkieke. Diru asko mugitzen duen mundua da, eta ez da erraza legeak betearaztea. Badaude oso onak, gauzak ondo egin nahi dituztenak. Txakurren premiak oso ondo begiratzen dituzte, eta gauza asko galdetzen dizkiete hartzera doazenei, eurei egokien datozkienak aholkatzeko. Guztietan egin beharko litzateke, eta askotan ez da egiten. Egin ezean, %50 probabilitatea dago txakurra berriro zentrora bueltatzeko. Hartu eta hilabete batzuetara konturatzen dira ezin dutela beragaz. Ezin da estetikoki txakurra gustatu zaizulako hartu. Hartzen duen familiagaz bere betebeharrak ondo beteko direla ziurtatu behar da. Adibidez, egunean hiru paseo eman ahal badituzu beragaz, eta gazte-gaztea bada, hobeto etorriko zaizu 7-8 urteko bat, lasaiagoa delako eta ez duelako hainbeste ibili behar.
Zentro horietan tratu txarrak jasandako asko egoten dira?
Bai, eta adoptatzeko gaitzak dira. Pertsonei beldurra dietenekin edo txakurrekin edo zaratekin beldurtzen direnekin egin behar den lana oso gaitza da. Batzuetan protektoretan ez dizute egi osoa esaten. Han oso ondo ikusten da, bere taldeagaz ondo dago eta seguru sentitzen da. Egun batetik bestera aterata arazoak egon litezke, ez duzulako ezagutzen, ez dakizu pertsonekin eta txakurrekin zelakoa den… Ona litzateke pausoka egitea: joan, buelta bat eman ostean bertan utzi, ezagutu, eta txakurragaz gutxieneko konfiantza lortzen duzunean etxera eroan. Askotan, umeek edo pertsona nagusiek daukaten energia ez dute ondo barneratzen. Umeak ez zaizkie gustatzen energia handia daukatelako edo pertsona nagusiak ez zaizkie gustatzen haien pausoak segurtasun eza sortzen dielako.