Uztailaren erditik aurrera eraitsiko dute Ondarroako Itsas Barrutiaren egoitza
Altzariak, instalazioak eta bolumen txikiagoko eraikuntza elementuak kenduko dituzte lehenengo eta ostean egiturazko elementu nagusiak botatzen hasiko dira. Abuztuko lehen asterako lanak amaituta edukitzea espero du Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du Ondarroako Itsas Barrutiaren egoitza zegoen eraikinaren titulartasunaren transferentzia. Eraikinaren titulartasuna egiaztatu ostean, eta portuko Itsas Kapitaintzako bulegoak lonjako eraikin berrian erabat martxan daudela baieztatu ostean, eraikina eraitsi egingo dute, arrain lonja berria eraikitzeko proiektuaren jatorrizko bertsioan jasota dagoen modura. Lonjako obren bigarren fasearen aurrerapen maila kontuan hartuta, eraikinaren zati horren eraispen lanak berehala hasiko dituztela nabarmendu dute. Aurreikuspenak betetzen badira, uztailaren erdialdetik aurrera hasiko dituzte lanak.
Aurreratu dutenez, hiru astetan burutuko dituzte lanak. “Aurreikuspenen arabera, abuztuko lehen asterako guztiz amaituta egongo dira hondakinak eraisteko eta sortzen diren hondakinak kudeatzeko lan horiek”. Hurrengo egunetan, altzariak, instalazioak eta bolumen txikiagoko eraikuntza elementuak gaika eta eskuz kentzen hasiko dira, eta ostean hasiko dira egiturazko elementu nagusiak (estalkia, fatxadak, zutabeak, habeak…) bitarteko mekanikoen bidez botatzen.
Eraisketa lanak amaitu ostean, lonjaren bigarren faseko lanei jarraipena eman ahal izango diete. Gaur egun eraikinak hartzen duen lur azalearen gainean, lonja berriko kamioien guneko biribilgunea eta irteerako arrapala kokatuko dira.
Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak Ondarroako portuan zuen azken ondasuna zen Itsas Barrutiaren egoitza zaharra. “1982ko apirilaren 6an Ondarroako portua Euskal Autonomia Erkidegora transferitzeko aktan ez zen sartu Itsas Barrutiaren egoitzaren eraikina. Haren titulartasuna orain arte Espainiako Gobernuaren esku egon da. Lonjaren egungo proiektuaren eraikuntza proiektua idaztean eta obra lizitatu aurretik ere eraikinaren titulartasuna lortzeko ahaleginak egin zituen Jaurlaritzak, baina ez zen helburua lortu. Orain bai, eta eraikina Jaurlaritzaren esku geratu da”.