Gizaburuagako elkartasun mendi irteera, arrakastatsua bezain jendetsua
12 urtetik gorako 250 bat pertsonak izena eman dute ekimenean. Alain Arando herritarrarentzat gurpildun aulkia erosteko nahikoa diru eskuratzea da ekimenaren helburua; uztailaren 20ra arte diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dago.
Alain Arando Rafael 15 urteko herritarrari gurpildun aulki elektriko berria erosteko elkartasun mendi irteera egin zuten domekan [uztailak 11] Gizaburuagan. Ekimenaren bultzatzaileak oso pozik agertu dira, eta balorazio oso positiboa egin dute. “Ekimenak erantzun zabala eta paregabea jaso du. Ez genuen pentsatzen hainbesteko jendetza batuko zenik. 12 urtetik gorako 250 bat pertsonak izena eman zuten. Hori bai, gure kalkuluen arabera, gurpildun aulki elektriko berria erosteko ekarpena egin dutenak hori baino askoz gehiago izan dira”.
Parte hartzaileek Gizaburuaga eta Ispaster batzen dituen 8,5 kilometroko mendi ibilbide bat osatu zuten. “Ibilbidea motza eta erraza izan bazen ere, hasiera nahikoa gogorra iruditzu zitzaien; hala ere, oso gustura eta pozik ibili ziren. Eguraldia ere halakoa egin zigun, eta sekulako giroa egon zen”. Gaineratu dutenez, parte hartzaile gehienak eskualdekoak izan ziren. “Gizaburuaga, Lekeitio, Amoroto, Ispaster, Ondarroa… eta gainontzeko herrietatik kuadrillak etorri ziren. Gipuzkoako eta Bizkaiko beste hainbat herritakoak ere batu ziren”.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Arandorentzat gurpildun aulkia erosteko nahikoa diru eskuratzea da ekimenaren helburua, eta berau lortzeko gero eta gutxiago falta dela nabarmendu dute. “Helburua lortzeko zorian gaude; eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Alainen gurasoak pozarren geratu dira ekimenak izan duen erantzuganaz. Azken egunotan sekulako babesa jaso dute, eta horrek aurrera jarraitzeko indar handia eman die”.
Uztailaren 20ra arte diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dagoela gaineratu dute kanpainaren bultzatzaileek. Ekarpenak ES09 2095 0050 31 9107149681 (Kutxabank) kontu korrontera banku transferentzia bat eginda edo 650 26 72 37 zenbakira Bizum bat eginda egin daitezke. Esan dutenez, norbanakoek zein enpresek parte hartu dezakete. “Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira, kopurua edozein delarik ere, laguntzeko ondo etorriko da”.