Hasi da 13/13 auziaren epaiketa
Bihar [uztailak 13] deklaratuko dute akusatuek. Epaiketa salatzeko manifestazioa egingo da gaur [uztailak 12] Lekeition.
Gaur [uztailak 12] hasi da 13/13 sumarioan epaitzen ari diren zortzi euskal herritarren –Arantza Zulueta Lekeitioko bizilaguna eta Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi– kontrako epaiketa, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Auzipetuak goizean goiz heldu dira epaitegira, eta auziaren irregulartasunak salatu ditu Julen Zelarainek atarian. Eragile ugarik esandakoa ere gogorarazi du: epaiketa «lekuz eta garaiz kanpo» dagoela.
Auzipetuen defentsak, Jose Perals fiskalak eta herri akusazioak hartu dute hitza gaur, eta bihar [uztailak 13] deklaratuko dute akusatuek. Defentsak proposatutako lekuko batzuk ez direla onartu salatu du Alfonso Zenon, Enparantza eta Zuluetaren abokatuak, eta lekuko gisa deklaratuko duten guardia zibilek aparteko babes neurririk gabe deklaratzeko eskaria ere egin du, baina ez diote eskaerarik onartu.
Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako akusazioak «Guardia Zibilaren gezur batean» oinarritzen direla ere salatu du abokatuak. Errugabetasun presuntziorako eskubidea ere urratu zaie, Zenonen iritziz: “hedabideetara filtratu ziren datuak, eta erruduntzat jotzen dituzte; baita barne ministroak ere: «ETAko kidetzat aurkeztu zituen, inolako zalantzarik gabe».
Jone Goirizelaia, Naia Zuriarrainen abokatuak Zuriarraini ‘non bis in idem’ printzipioa urratzen ari zaiola azaldu du, “akusazio berarengatik zigortua izan zelako 2019an”. Esan duenez, epai horrek jada aipatzen zuen «Halboka» eta «Koordinazio Taldea»: «Gauza berberei buruz hitz egiten ari gara, gauza beraz akusatzen ari dira». Gaineratu du 2019ko sententziaren arabera, Zuriarrain ETAko, «kartzelen fronteko» eta Koordinazio Taldeko kide zela. Bigarren aldiz epaitua izateko, kidetza hori noizbait eten egin beharko zela argudiatu du abokatuak, eta, polizien txostenen arabera, kidetza hori ez dela eten. Beraz, Zurriarain prozeduratik kanpo uzteko eskatu du.
Defentsako abokatuek aho batez adierazi dute akusatuei benetako babes juridikorako eskubidea urratu zaiela. Azkenik, Aiert Larrarteren txanda iritsi da, Zelarainen eta Sarriegiren abokatua. Larrartek CNIren entzuketak «babes legalik gabe» egin direla azaldu du, «botere banaketa urratuta, defentsarako eskubidea urratuta». Gainera, ondorioztatu du Zelarain ere jada epaitu dutela auzi honetan epaitzen ari diren akusazioengatik.
Jose Perals fiskalak hartu du hitza ondoren. Epaiketa zuzenean ematearen alde agertu da: «Beharrezkoa da ikustea nola garatzen den justizia». Guardia zibil lekukoek babestuta deklaratzearen alde ere egin du, argudiatuta «errepresaliek» jarraitzen dutela. Gaineratu du, 2010eko apirilean, atxiloketak egin ziren unean, ETAk hiltzen jarraitzen zuela oraindik. Azkenik, herri akusazioaren txanda iritsi da. Argudiatu du ikerketa ez duela abiatzen CNIk, eta, beraz, haren entzuketek ez dituztela akusatuak babesgabe uzten.
Manifestazioak. Zapatu [uztailak 10] eguerdian Bilbon eta Donostian egin zen modura, manifestazioa egongo da gaur 19:00etan hasita Lekeitioko kaleetan zehar 13/13 auziaren epaiketa salatu eta Arantza Zulueta Lekeitioko bizilagunari eta beste auzipetu guztiei babesa erakusteko. Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen Bilboko manifestazioa, eta Saguesetik Donostiakoa, eta gaur Eskolapetik hasiko da protesta.