Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepideko lanak uztailaren 22an amaituko dituzte
Semaforoa martitzenean [uztailak 13] kenduko dutela esan dute. Plazakolako zubiko lanak "konplexuenak" izan direla diote: "Zubi historikoa handitu egin behar izan da".
Bizkaiko Foru Aldundiak esan duenez, uztailaren 22an amaituko dituzte Markina-Xemein eta Berriatua arteko BI-633 errepideko lanak. Aurreratu dute martitzenean [uztailak 13] semaforoa kenduko dutela.
2019ko udaberrian hasi ziren Urberuaga eta Berriatua arteko errepidea hobetzen. Hasiera batean, Urberuagatik Plazakolako bidegurutzerainoko tartea egin zuten. Errepide zati horrekin amaitu eta gero, Plazakolatik Berriatuarainoko arteko tartean hasi ziren lanean.
Oro har, BI-633 errepidean egindako lanak “garrantzitsuak” izan direla diote. “Ia 2 kilometroko errepide tarte horretan ikusgarritasuna murritza zen eta bazterrik ez zegoen. Tarte batzuetan, gainera, ez zegoen leku nahikorik bi ibilgailu astun gurutzatzeko”.
Lanak egiten hasi baino lehen esan modura, bigarren fasea izan da konplexuena. “Plazakolako Zubiko lanak konplexuak izan dira, zubi historikoa handitu egin behar izan da eta. Egindako lanei esker, ikusgarritasun murritza zuen eta zubiko zati batzuetan bi ibilgailu astun gurutzatzea eragozten zuen trazadura hobetu da”, esan dute. Azaldu dute hasiera batean zubiaren kanpoko perimetroa berrezarri behar izan dutela eta, ondoren, altzairuzko habezko egitura misto batekin handitu. “Plataforma handitu ahal izateko zubia baino lehen (Berriatuko noranzkoan) hegalak eraiki dira, errepidearen azpitik pasatzen den ur-kanalean eragin gabe”.
1.700 metroko tartean trazadura handitu dutela eta aldaketa horiek guztiak landaretzaren bidez “inguruan integratuta” egongo direla diote. “Lanak egiteko tartearen amaieran, Berriatua aldean, espaloi bat egin da, Berriatuan dagoen espaloia Amaioko bidegurutzeagaz lotzeko”. Horrez gain, sarbideak berrantolatu, autobus geltokiak hobetu eta bidegurutzeak optimizatu dituzte, kasu batzuetan norabidea aldatzeko ere erabilgarriak izan daitezen. “Azkenik, eusteko, seinaleztatzeko eta balizatzeko sistemak egokitu eta hobetu dira”.
Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepide tarte hori “hobetzeko” lanek 4,2 milioi euroko inbertsioa suposatu dutela esan dute.