Ohiz kanpoko jaialdia izan bada ere, arrakasta handia lortu du 31. Kalekak
Antolakuntza «oso pozik» agertu da aurtengo jaialdiak eman duenaz. Harrera ona eduki du. Minutu gutxitan agortu dira ikuskizunetarako sarrerak.
Iazko hutsunea eta gero, aurten Kaleka, Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiagaz, gozatzeko aukera egon da berriro ere Lekeition. Aurtengo jaialdiak 12 ikuskizun eskaini ditu asteburuan, hiru agertokitan –Abaroa jauregiko lorategia, Plaza Baltza eta eskolako jolastokia–, eta emanaldiek herritarren erantzun ona eduki dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
«Ikusleek bi ordu arinagotik eduki dute sarrerak lortzeko aukera eta minutu gutxitan agortu dira ia ikuskizun guztietakoak. Zoritxarrez gehienezko edukieraren ondorioz, asko izan dira sarrera barik geratu direnak», azaldu dute. Izan ere, pandemia dela eta, edukiera mugatuta egon da hiru guneetan. Abaroa Jauregiko lorategian eta plaza baltzean 200 lagunekoa izan da edukiera, eta eskolan 250 lagunekoa.
Zehaztu dutenez, batez ere arratsalde eta gaueko ikuskizunek eduki dute eskari handiena: «Goizean egon diren bi ikuskizunetan, bero handiaren ondorioz, ez dira sarrera denak agortu eta leku gutxi batzuk libre geratu dira».
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Antolakuntza «oso pozik» agertu da aurtengo Kalekaren emaitzagaz. «Ezohiko jaialdia izan bada ere, arrakasta handia izan du ikusleen artean, eta adin guztietako publiko erakartzea lortu du». Era berean, hainbat ikuskizunetan Kalekaren oinarri den parte-hartzea lortu dela azpimarratu dute, zirku tailer irekian, esate baterako. «Publikoaren parte hartzea handia izan da, eta zenbait ikuskizunetan haiek izan dira protagonistak. Giro ederra eta harrera paregabea izan du Kalekak. Eguraldia ere lagun izan dugu hiru egunetan zehar, uztaileko egun eguzkitsuenak jaialdiko egunetanizan baititugu».
Ikuskizunak. 31. Kaleka Scrach atalagaz hasi zen barikuan. Hau da, garapen edo sorrera prozesuan dauden lanen atalagaz. Atal horren baitan Madrilgo Maximo Optimo konpainiaren Minimo Pesimo ikuskizuna eskaini zuten. «Sarrera ia guztiak agortuta, Abaroa jauregiko lorategia bete-bete egin zen artista xamur horren, umore zirikatzaile, bizkorra eta ekintza arriskutsuak ikusteko».
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Atal ofiziala aldiz, Gaztela eta Leongo Tiritirantes Circo Teatro konpainiaren Ulterior el Viaje lanagaz estreinatu zuten. «Bere dragoi ikusgarri eta protagonista bitxiek ikusleak aho zabalik utzi dituzte. Bariku gaua amaitzeko, David Moreno Cia & Cristina Callejaren Flotados ikuskizun ederra eta sakonaz gozatzeko aukera izan dugu, 8 metrora altxatutako piano baten bidez haien mundu bitxiko ateak ireki dizkigute».
Zapatuan beste bost ikuskizun eta domekan beste lau eskaini ditu 31. Kalekak. «Mortelo & Manziniren Fili Busters abentura zoro eta arriskutsuk aho zabalik utzi ditu ikusleak; Fuoco Risorto dantza koreografikoak hanka palo eta suaren gerlariekin suaren berpizkundea ekarri digute eta NUC konpainiaren Aigua ur ikuskizunak, egitura erraldoi eta aire akrobazien bitartez, urak gure planetan duen garrantzia azaldu digute».
Domekan, besteak beste, Haatik Dantza Konpainia euskaldunaren Lau Eme dantza ikuskizuna eta Visitants konpainiaren Olea egon ziren ikusgai. «Azken horretan, gudak lurra astindu ondoren bi emakumek bizitzari iraunkortasuna emateko borroka azaleratu zuten suarekin jolastuz. Zalantzarik barik Kalekari amaiera ederrena emateko ikuskizuna izan dugu, ikusgarria eta gogoetara bultzatu duena».
Hurrengo urtera begira, ohiko formatuan antolatzeko nahia dutela adierazi dute antolatzaileek: “berriro ere, Lekeitioko kaleetan zehar kale arteak erakustekoa”.