Oihana Kortazar, bigarren Munduko Skyrunning Txapelketan
Mutrikun bizi den korrikalariak hiru zilarrezko domina eskuratu ditu munduko txapelketan: sailkapen orokorrekoa, kilometro bertikalekoa eta maratoikoa. Lortutako emaitzarekin gustura agertu da.
Oihana Kortazarrek pozik egoteko moduko emaitza lortu du Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak Vall de Boin (Kataluniako Pirinioetan) antolatutako Munduko Txapelketan. Kilometro bertikala eta eta sky maratoia diziplinetan bigarren amaitu ondoren, postu berean amaitu du mundiala. Mutrikun bizi den mendi korrikalariak zilarrezko hiru domina eskuratu ditu txapelketan: sailkapen orokorrekoa eta parte hartu duen bi diziplinetakoak. Beste urrezko domina bat ere jaso du, Espainiako Selekzioa taldekako irabazlea izan delako.
Barikuan [uztailak 9] lehiatu zen kilometro bertikalean eskuratu zuen lehen zilarrezko domina. Barruerako kanpinean hasi eta Cap de la Pala Sadornal mendatean amaitu zen proban Marcela Vasinova txekiarrak eta Kortazarrek ezarri zuten erritmoa, baina desnibel handieneko zatian aurrea hartuta, txekiarrak irabazi zuen proba; 41 minutu behar izan zituen 3,3 kilometroko eta 1.100 metroko desnibel positibodun proba amaitzeko, Kortazarrarek baino 2 minutu eta 14 segundo gutxiago. “Lasterketaren erdia aurretik nintzen, baina Marcela aldapa gora oso ondo moldatzen da, eta irabazi egin zidan”. Iris Pessey frantziarrak osatu zuen podiuma, 44 minutu eta 26ko denborarekin.
Aitortu duenez, hiruzpalau urte zeramatzan bertikaletan gogor estutu gabe. “Lortutako emaitzarekin pozik nago; espero baino emaitza hobea izan da. Nire asmoa, berez, maratoian parte hartzea zen, baina Espainiako hautatzaileari proba ondo egin ahal nuela iruditu zitzaion, eta proban parte hartzeko proposamena egin zidan, proba jokatu baino astebete lehenago. Aukera paregabea iruditu zitzaidan, nahiz eta hiru urte baino gehiago daramatzadan modalitate honetako lasterketa batean lehiatu gabe”.
Domekan [uztailak 11] sky modalitateko maratoi distantzian ere bigarren postua erdietsi zuen; podiumean egoteko faboritoetako bat zen, eta ez zuen hutsik egin. Blandine L’ Hirondel frantziarra sendo hasi zen eta tropelaren buruan ipini zen lehen kilometrotik. Kortazar atzetik eduki zuen hasieratik. L ‘ Hirondelek 20 kilometro egin zituen lasterketaren buruan, baina orkatiletako batean izandako arazo batzuk tarteko, erretiratzea erabaki zuen 25. kilometroan. Kortazarrek eta Marcela Vasinovak aurrea hartu, eta une horretatik aurrera titulua lortzeko borrokan ipini ziren.
Azkenean Vasinova izan zen helmugaratzen azkarrena, 4 ordu, 50 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Kortazarrek txekiarra harrapatzeko saiakera egin bazuen ere, 42 kilometro eta 2.817 metroko goranzko desnibela zituen lasterketa ezin izan zuen hura baino azkarrago amaitu; 7 minutu eta 24 segundo atzerago ailegatu zen helmugara (04.57.48). Marta Molistek osatu zuen podiuma, Patricia Pinedarekin lehia estua eduki ondoren; 05.03.37 behar izan zuen proba amaitzeko. “Vasinovak atzetik aurrera egin zuen lasterketa”.
Agertu duenez, 20. kilometroa igaro arte ez zuen sentsazio onik eduki. “Barikuko proban parte hartu nuenez, nekea igarri egin nuen. Gero, baina, askoz hobeto sentitu nintzen, gorputzaldi hobearekin. Nire atzetik zetozen biak askoz atzerago uztea lortu nuen, eta behintzat, presio hori gabe egin nuen helmugarako bidea. Igoeretan normalean sentitzen naizen bezain indartsu sentitzen hasi nintzen, baina Marcelak igoerarik aldapatsuenetan demaseko abantaila atera zidan. Aldapa beheretan tartea nabarmen estutu banuen ere, helmugara bidean ez zidan astirik eman bera harrapatzeko”.