Ondarroak bere lehen bandera lortu du TKE Ligan
38. Petronor Bandera irabazita, talde ondarrutarrarentzat egun historikoa izan zen atzokoa [uztailak 11]. Lekittarra bigarren sailkatu da Zierbenako estropadan. Hemen argazkiak eta bideoak!
2021 denboraldiaren 4. jardunaldian ezustekoa emanda, historia egin du Ondarroak. TKE Ligaren bere lehen bandera irabazi zuen atzo [uztailak 11], Zierbenan. Egun historikoa izan zen, eta herriak harrera oso beroa egin zien Antiguako Amakoei. Txalo zaparrada artean hartu zituzten arraunlariak eta gainontzeko taldekideak. Poza, negar malkoak, oihuak, aurpegi beteko irribarreak… emozioz betetako uneak izan ziren.
38. Petronor Banderan lehen txandako onena izan zen talde ondarrutarra, eta eguraldi baldintza aldaketeren eraginez, gainontzeko taldeek ezin izan zuten bere denbora hobetu. Haizea eta marea bere aliatu izan ziren atzoko estropadan. Itsasoko baldintzek batzuetan eman eta beste batzuetan kendu egiten dute, eta atzo txanponaren alde ona egokitu zitzaion Ondarroari. Azken urteotako lanaren saria da bandera, arraunlariek egindakoarena, eta oro har, klubean egindako lanarena.
20 minutu, 32 segundo eta 20 ehunenean amaitu zuen Ondarroak, eta txanda berean bigarren egin zuen Lekittarra sailkatu zen haren atzetik estropadaren sailkapen orokorrean ere. Zazpi segundo eta 46 ehuneneko aldea egon zen Ondarroako eta Lekeitioko traineruen artean.
Eusko Label Ligaren liderra izan zen Ohorezko txandako azkarrena, eta hirugarren sailkatu zen. Ondarroarengandik bederatzi segundo eta 46 ehunenera sailkatu zen Santurtzi. Ohorezko txanda amaitzean, eta euren denbora inork gainditu ez zuela ikustean, pozez beterik ospatu zuten Ondarroako arraunlariek traineru barruan.
“Klubarentzat zein niretzat lehenengo bandera da TKEn eta oso pozik gaude. Estropada gogorra izan da. Txanda kontrolatzea kostatu zaigu, baina irabaztea lortu dugu. Klimatologiak mesede egin digu”, adierazi zuen atzo Josu Elu arraunlari ondarrutarrak. Helburua txanda irabaztea zela azaldu zuen Hasier Etxaburu ondarrutarrak, eta garaipena “herri guztiari” eskaintzen diotela azpimarratu zuen: “Hori lortu dugu, eta gero baldintza guztiak bete dira geuk bandera irabazteko. Momentu historikoa da herriarentzako”.
Iñaki Errasti entrenatzaile eta arraunlariak malkoei ezin eutsita hitz egin zuen, oso hunkituta. Ondarroa zuzentzeko aukera eman zietenekin, familiarekin, babesten egon direnekin eta beragaz egondako arraunlari guztiekin akordatu zen: “Pozez zoratzen nago, oso-oso gustura. Bigarren txandan ikusi dugu hortxe ibiliko ginela, baina bukaera arte tentsioa eduki dugu. Gaur dena alde eduki dugu”.
Lekittarrako Jurgi Gorostiza mendexarra egindako lanagaz gustura agertu zen: “Arraunean nahikoa gustura egin dugu. Ikusi da gutxika-gutxika gure mailara hurbiltzen gaudela. Gure borroka argi dago zein izango den, Tiranegaz eta Zarautzegaz hortxe ibiliko gara borrokan estropada guztietan. Gaur haizea altxatuta, zortea eduki dugu estropadan emaitza on bat egiteko”.
Sailkapen orokorrean gora egin dute Lea-Artibaiko klubek. 25 puntugaz, zazpigarrena da orain Ondarroa (zortzigarren amaitu zuen lehen asteburua, bederatzi puntugaz), eta aurreko asteburutik hona bi postu igo ditu Lekittarrak; 20 puntugaz bederatzigarrena da (zazpi puntu lortu zituen lehen asteburuan).
Santurtzik lidertza sendotu du, 42 puntu ditu. 36 puntu ditu Hondarribiak eta 35 puntu Zierbenak.
Zapatuko estropada. Eusko Label Ligaren 3. jardunaldian, Zierbenarentzat izan zen garaipena. Hemeretzi minutu, 50 segundo eta 94 ehuneneko denboragaz eskuratu zuen XIII. Bandera Donostiarra-Turismo Castilla- La Mancha bandera.
Ondarroa bederatzigarren eta Lekittarra hamaikagarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Lehen txandan irten zen talde lekeitiarra. Cabo izan zen txandako azkarrena (20.16,72), eta Tiranen atzetik hirugarren sailkatu zen Lekittarra, Caborengandik 30 segundo eta 22 ehunenetara. Bigarren txandan azken geratu zen Ondarroa, Hondarribia (19.53,38) txanda irabazlearengandik 34 segundo eta 10 ehunenera.
Euskotren Liga. Bestalde, EuskoTren Ligan, Oriok irabazi zuen atzoko estropada, eta lidertza bereganatu zuen. Ziabogan, oriotarrak bi segundoko galera zuen, baino bigarren luzean denbora hori berreskuratzen jakin zuten denboraldiko bigarren bandera irabazteko. Bigarren Donostiarra sailkatu zen. Sailkapen orokorrean, hamahiruna puntu dituzte Orio liderak eta zapatuko bandera irabazi zuen Donostia Arraun Lagunak-ek. Donostiarra hirugarren postuan dago bederatzi puntugaz, eta Hondarribiak bost puntu ditu.