Hainbat diziplinen plaza izango da Ondarroako II. Kultur Uheri ekimena
Kultur ekimena uztailaren 30ean hasiko da, eta abuztuaren 29ra bitartean askotariko kultur ekimenez eta ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da herriko frontoian. Sarrerak turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira, uztailaren 24tik aurrera.
Ondarroako Udalak uda sasoian kulturaz gozatzeko Kultur Uheri ekimena antolatu du bigarrenez. COVID-19a dela eta, aurten ere Andra Mari jairik ez antolatzea erabaki du kultura batzordeak, eta gabezia horri erantzun nahian eta kulturaren aldeko apustua eginda, berriro antolatu dute iaz sekulako arrakasta izan zuen kultur ekimena. Antolatzaileen esanetan, askotariko diziplinak batuko ditu egitarauak, “besteak beste, euskaran, berdintasunean, aniztasunean eta ongizatean oinarritutako baloreak lantzeko”.
Uztailaren 30etik abuztuaren 29ra galdu ezinezko hamabost hitzordu dakartza kultur ekimen bereziak. Iazko formatu bera edukiko du: barikuetan eta zapatuetan gazte zein helduei zuzendutako ekimenez eta ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da eta domeketan, berriz, ume eta familiei zuzendutakoez. “Dantza, kontzertuak, kantua, antzerkia, zirkua, umorea eta herri kirolak… horiek izango dira aurtengo Kultur Uheri ekimenaren ardatzak”.
Ekintza guztiak herriko frontoian egiteko asmoa agertu dute antolatzaileek, baina euria egonez gero Zaldupe udal kiroldegiko kantxara edo Zaldupe eskolako jolastokira lekualdatuko dituztela jakitera eman dute. Bi ikuskizun izan ezik, gainontzeko guztiak ordu berean eskainiko dituzte, 19:00etan. Zehaztu dutenez, abuztuaren 14ko Bentazaharreko neska mutiko alaiak taldearen kantaldia eta abuztuaren 15ean lehiatuko diren eskupilota partiduak 18:00etan hasiko dira.
Aritza Aristondo Natxiondo kultura batzordeburuak esan duenez, pozik daude antolatutako egitarauarekin. Argitu duenez, kultur eta kirol eskaintza “soil bat” baino gehiago izatea izan da udalaren nahia. “Halako ekimen bat antolatzerakoan hiruzpalau irizpide geneuzkan argi, eta iazko ekimenaren balorazioa egiterakoan ikusi genituen hutsuneak betetzea ere beharrezkoa ikusten genuen. Hala, adin tarte gehiagotara zuzendutako egitaraua osatu dugu”.
Aurten ere protagonismo berezia edukiko dute herriko artistek, sortzaileek eta kirolariek. Esperientzia errepikatuko duenik ere egongo da
Gaineratu dutenez, ikuskizunek ez dute bakarrik artisten gaitasuna oholtzara eramango, hori baino “sakontasun gehiago” edukiko dutela azpimarratu dute. “Ikuskizun bakoitzak mezu zehatz bat dauka, ikuslegoa edozein delarik ere balore zehatzetan oinarritutako mezua”. Are gehiago, urte guztian udalak hainbat arlotan egiten duen lanketari jarraipena emateko baliatu dituzte kultur ekimenak.
Aurten ere protagonismo berezia edukiko dute herriko artistek, sortzaileek eta kirolariek. Biren eta Dena musika taldea, Garazi Etxaburu dantzaria, Aurori Badiola (Iñaki Maruri) eta Nerea Gartzia aktoreak eta Inhar Urruzuno eta Mikel Agirre kirolariak egongo dira gonbidatuen artean. Errepikatuko duenik ere egongo dela esan dute. Tio Teronen Semeak, Biren, Iñaki Marurik eta Garazi Etxaburuk aurtengo egitarauan ere parte hartuko dute, baina ikuskizun berriekin. “Iazko arrakasta ikusirik, herritarrengandik jaso ditugun zenbait proposamen ere egitarauan sartu ditugu”.
Sarrerak uztailaren 24tik aurrera ipiniko dituzte salgai. Turismo bulegoan erosi ahalko dira, honako ordutegian: egunero, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak, gehienez, ikuskizun bakoitzerako launa sarrera erosi ahalko ditu. Txartelak prezio sinbolikoan salduko dituzte, euro batean edo bitan.
Kultur Uheri ekimeneko egitarauarekin batera, herriko taldeek uztailaren azken asterako eta abuzturako antolatu dituzte ekimenen berri ere emango dute udalak etxe guztietara banatuko duen eskuliburuaren barruan. “Ekimen hauetarako sarrerak ez dira turismo bulegoan salduko”.