Lekeitioko XV. Plazakua, musikaz gozatzeko ezinbesteko hitzordua
Uztaileko kontzertu bereziaren emanaldi bi eskainiko ditu aurten Lekitto Musika Bandak, lehenengoa barikuan [uztailak 16] eta bigarrena zapatuan [uztailak 17]. Entzuleari "onena" eskaintzeko "gogotsu" daude.
XIII. Plazakua. Lekitto Musika Bandaren kontzertua. Argazkia: Lekeitioko Udala Lekitto Musika Bandak uztailean eskaintzen duten Plazakua kontzertu berezia are bereziagoa izango da aurten. Zortzi hilabetez –2020ko urritik 2021eko ekainera– jo barik egon ostean, gogotsu daude bandako kideak jendaurreko emanaldi bat eskaintzeko. Ez dute prestatzeko denbora gehiegirik eduki, Urtzi Iriondo Lekitto Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez, duela hilabete hasi ziren-eta entseguekin. Hala ere, ez dute aukera galtzerik nahi izan, eta ezagunak dituzten doinuen artean aukeraketa bat egin eta lanean aritu dira, entzuleari “hoberena” eskaintzeko.
Bi emanaldi eskainiko ditu aurten bandak, barikuan [uztailak 16] eta zapatuan [uztailak 17]. Izan ere, pandemia egoera dela eta, plazan eman ohi duten kontzertua Abaroara lekualdatu behar izan dute, eta edukiera ere mugatuta egongo da. Beraz, egun bakoitzean 200 lagunek izango dute Lekitto Musika Bandaren kontzertuaz gozatzeko aukera. Emanaldi biak 20:00etan hasiko dira, eta doan badira ere, sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira Lekeitioko kultur etxean; pertsona bakoitzak gehienez ere bi sarrera hartu ahalko ditu.
Aitor Abaroak aurkeztuko du kontzertua. 2019an ere aritu zen kazetari lekeitiarra jardun horretan, eta oraingoan ere herriko bandaren ondoan egongo da.
Errepertorioari dagokionez, “emaitza on bat eman nahian” prestatu dutela programa zehaztu du Lekitto Musika Bandako zuzendariak. Besteak beste, La vida es bella filmaren doinua joko dute. Film horren eta gaur eguneko egoeraren artean parekotasunak daudela dio Iriondok, eta hori dela-eta aukeratu dute doinu hori, esate baterako: “Filmaren gai nagusia haur baten biziraupena da, bere aitak babestua, nazien kontzentrazio-esparru batean. Guk ere horrelako zerbait bizi izan dugu. Nahiz eta inguruan ezbehar asko gertatu diren, umeak egoera horren paralelo bizi dira. Maskara jarri behar izan duten arren, modu naturalean hartu dituzte. Beste modu batera bizi dute egoera film horretan bezala, azken helburua pozik bizi izatea izanik”.
Emanaldiko programaren esku-orririk ez dute aterako aurten. Horren ordez, kartel bereziak kaleratuko dituzte, eta Abaroa parkeko sarreretan ere jarrita egongo dira. “Kartelek QR kode bat izango dute, eta horren bidez egitarau osoa jaitsi ahalko da mugikorrera”, argitu du Iriondok.
Zerrenda luzea. Lehen aldiz taldeko kideen izen guztiekin aurkeztu dute kontzertua. Iriondok argitu duenez, momentu historikoa dela uste dute, eta denen izenak gordeta gelditzea nahi izan dute: “Beste momentu batzuetan ere, 1918an egon zen beste pandemia batean, Karlistadetan… , geldialdi bat bizi izan du Lekeitioko bandak, eta hau ere horrelako beste momentu historiko bat dela uste dugu. 2017 urtean dokumental bat egin genuen, eta horretarako artxiboetako pila bat datu berreskuratu genituen. Horien artean, bandako denen izen abizenak jasotzen zituen dokumentu bat aurkitu genuen, eta ehun urte pasatu ondoren, momentu historiko hartan egon ziren denen izenak ikustea oso polita begitandu zitzaigun. Era berean, hemendik 100 urtera, gure esku-orria irakurtzen dutenek, une historiko honetan Lekitto Musika Bandako kideak zeintzuk ziren jakin ahal izango dute”.