Mutriku Arraun Taldea, elkarlanetik proiektua hazten eta sendotzen
Isuntzaren eta Mutrikuren elkarlanari esker, KAE 2 Ligan lehiatzen dabil Mutriku Arraun Elkartea. Gazte eta beteranoz osatuta, gogor lanean ari dira, estropadaz estropada lehian ilusioz beteta.
Denboraldiz denboraldi, estropadaz estropadaz, paladaz palada hazten eta sendotzen ari den proiektua da Mutriku. KAE 2 Ligan lau jardunaldi lehiatu dituzte momentuz, eta orain artekoei modura, aurrerantzean jokatuko dituztenei ere gogoz eta ilusioz aurre egingo diete talde mutrikuarraren arraunlariek.
Elkarlanaren ondorio da Mutrikuko taldea. Mutrikuko Arraun Elkartea eta Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartea bat eginda ari dira azken urteotan. Jazintxo Salinas Mutrikuren entrenatzaile eta arraunlariak orain arteko jardunaldien balorazio ona egin du: “Liga ondo hasi dugu, pentsatzen genuen modura. Lehenengo seiren artean ibiltzeko itxaropena daukagu eta, momentuz, hortxe gabiltza”.
Laugarren postua ere gertu ikusten du: “Arantza txiki bat daukagu. Laugarren postutik seigarrenera bitartean ibili behar gara. Laugarren sartuta, ohorezko txandan ibiltzea guretzako oso ona litzateke, karamelu oso polita. Laugarren posturako lehian ibiltzeko aukera asko eta onak ditugu”.
Jazintxo Salinas (entrenatzailea): “Liga ondo hasi dugu; laugarren posturako lehian ibiltzeko aukera asko ditugu”
Busturialdea eta Portugalete “oso indartsu” ikusten ditu Salinasek. “Hondarribiagaz eta Donostiarragaz parean gabiltza, eta Zarautz pixka bat makaltsuago dago”, zehaztu du.
Lehen estropadan, Pasai San Pedron, bosgarren sailkatu ziren eta 2. jardunaldian, Elantxoben, bigarren. Gero, etxeko estropadan, bosgarren eta aurreko asteburuko Donostiakoan zazpigarren egin zuten.
Liga irekia ikusten du Mutrikuren entrenatzaileak, edozer gerta liteke: “Orain egiten duzu hirugarren edo laugarren eta eurek bosgarren edo seigarren, eta gero, alderantziz gertatu liteke. Pixka bat despistatzen dena hirugarrenetik seigarren postura pasatu liteke ohartu barik. Liga oso lehiatua dago”.
Orain artekoari eusteko egin beharrekoa zer den argi dauka: “Gure arraunkera mantendu behar dugu lehenenego seiren artean mantentzeko”.
Gazteek eta beteranoagoek ondo bat egin dute. 25 kideko taldea daukate. Tartean daude Isuntzagaz batel eta trainerilla denboraldian emaitza oso onak lortu dituzten sei gazte. “Beste hiru-lau arraunlari daude TKEn aritzeko aukerarik ez daukatenak, eta zaharragoak ere bagaude”. Lekittarra TKEn mantenduz gero, aurten Mutrikun hasi diren sei gazteak “bizpahiru urte barru goi mailara altxatzeko” itxaropena dauka.
Mutrikuk “jende falta” daukanez, Lekeitioko klubeko gazteekin bat eginda ateratzen dute KAE 2 Ligako taldea. Apustu horrekin egin zuten akordioa, eta beste hainbat urtez berdin segitu nahi luketela azpimarratu du Salinasek, “Mutriku KAE 2ko traineru modura irten eta Lekeitio lehen mailan zentratuta”.