Olea eta Txakartegiren lanak, Lekeitioko Eskolape aretoan
Udako Arte Erakusketan parte hartuko dute herriko artista biek, lehen aldiz. Olioak eta akrilikoan egindako lanak aurkeztuko dituzte.
Nerea Olea eta Nere Txakartegi lekeitiarren lanak ikusgai egongo dira astelehenetik [uztailak 19] domekara [uztailak 25] Lekeitioko Eskolapeko aretoan. Lehen aldiz, Lekeitioko Udalak antolatzen duen Udako Arte Erakusketan parte hartuko dute herriko artista biek.
Bakoitzak bere lanak aurkeztuko ditu, Oleak argazki gainean egindako olioak, eta akrilikoan egindako pintura abstraktu zein figuratiboak Txakartegik, baina erakusketari jarri dioten izenak aurreratzen duen modura (Lanak lotzen) bien lanen arteko lotura bilatuko dute erakusketan. “Erakusketa bera muntatzea ariketa bat izatea bilatu dugu, ikusteko zelan funtzionatzen duten norbere lanak beste batzuen ondoan eta baita beste zentzu bat emateko gure lanari”, azaldu du Oleak. “Erakusketan edukiko dugun espazio hori antolatuko dugu bion lanak lotzeko aprobetxatzeko eta gure lana gehiago ezagutzeko”, gaineratu du Txakartegik.
Azken hilabeteetan egindako lanak jarriko dituzte ikusgai. “Erakusketara aurkeztu ginenean ez geneukan zehaztuta zeintzuk lan erakutsiko genituen, gerora egiten joan garen lanak aurkeztea erabaki dugu”. Bientzako lehenengo erakusketa izango da, eta elkarregaz egitea erabaki dute. Izan ere, urte osoa eraman dute biek elkarregaz, ikasten, bizitzen…
Astegunetan 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik erakusketa, baina, bariku, zapatu eta domeka goizetan ere zabaldu nahi dute.