Ondarroa bigarren eta Isuntza hirugarren sailkatu dira Bizkaiko Txapelketan
Emakumezkoetan txapeldunorde geratu da talde ondarrutarra, eta Isuntzakoek brontzezko dominak lortu dituzte. Gizonezkoetan, hirugarren sailkatu da Ondarroa, eta seigarren Isuntza.
Gizonezkoetan Santurtzi eta emakumezkoetan Deusto dira aurtengo Bizkaiko txapeldunak.
Atzo arratsaldean [uztailak 14] Lekeition jokatu zuten Bizkaiko Traineru Txapelketa, eta senior mailaren bi podiumetan sartu ziren Lea-Artibaiko arraun taldeak. Emakumezkoetan, Ondarroa iazko txapeldunak ezin izan zuen titulua berretsi, eta txapeldunorde geratu zen. Isuntzaren arraunlariek, berriz, brontzezko domina irabazi zuten. Gizonezkoetan, berriz, Zierbena sailkatu zen bigarren, eta Ondarroa hirugarren.
Olatuak egoki hartzen asmatzea giltzarria izan zen.
ETE Ligan Tolosaldeagaz batera aurrean ari da Deusto, eta Ondarroa oso gertu izan bazuen ere, bandera irabazita nagusitasun hori berretsi zuen atzo ere. Hamabi minutu, 11 segundo eta 31 ehunenetan burutu zuten estropada txapeldunek, eta ondarrutarrak lau segundo eta hamazortzi ehunenera sartu ziren. Isuntzakoek, berriz, irabazleengandik hamahiru segundo eta 59 ehunenera amaitu zuten. Lutxana laugarrena Deustorengandik 55 segundo eta 92 ehunenera geratu zen.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Gizonezkoetan ere Eusko Label Ligan gertatzen ari dena islatu zen Bizkaiko Txapelketan. 20.53,93 markagaz gailendu zen Santurtzi. Zierbena izan zen haren aurkari nagusia, lehen hiru luzeetan parean ibili ziren, baina Itsasoko Amak bikain egin zuen azken luzea, lehia emozio barik erabakiz. Hain zuzen, azken luze bikainaren ondorioz, Ondarroak podiumean sartzea lortu zuen, Urdaibairi hamalau segundoko errenta atera baitzion.
Txapeldunarengandik hamalau segundo eta 91 ehunenera geratu zen Zierbena, eta 34 segundo eta sei ehunenera Ondarroa. Bermeoren eta Arkoteren atzetik, seigarren sailkatu zen Isuntza; Santurtzirengandik 58 segundo eta 23 ehunenera sailkatu zen talde lekeitiarra.