Debabarrenako kaleetatik 180 txakur eta katu baino gehiago jaso dituzte
Mankomunitateko animalien ongizate zerbitzuak 32 katu eta 100 txakur artatu zituzten Eibarko Elgeta bideko 2ko instalazioetan. Beste 80 txakur ere jaso zituzten, baina jabeei bueltatu zitzaien instalazioetatik igaro gabe.
Debabarrenako Mankomunitateak eskaintzen duen animalien ongizate zerbitzuaren bidez, eskualdeko kaleetan abandonatutako etxeko animaliak jaso eta artatzen dituzte. Animalia horiei guztiei albaitari arduradun batek eta animalien hezitzaile batek ematen diete arreta Eibarko Elgeta bideko 2ko instalazioetan. Eman dituzten datuen arabera, 180 txakur eta katu baino gehiago artatu zituzten 2020an. “Txakurtegian kalean jasotako animaliei bizitza berri bat emateko zerbitzua ematen du Mankomunitateak, animalien abandonuari aurre egiteko helburuarekin eta elkarte animalistekin elkarlanean”.
Zehaztu dutenez, iaz 32 katu eta 100 txakur artatu zituzten txakurtegian. Katuei dagokienez, guztiak antzutu egin zituzten. “Praktika horren bidez, gure kaleetan katuak ugaritzea saihesten da”. Txakurrei dagokienez, 80 jabeei itzuli zitzaizkien, beste 19 adopzioan eman zituzten eta azken bati eutanasia “errukiorra” aplikatu behar izan zioten. “Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie txakur horiek adoptatzeko eta animalia horiei bizitza berri bat emateko sentsibilitatea erakusten duten familiei. Nolanahi ere, azpimarratu nahi da animaliak abandonatzeak ondorio legalak dituela, eta desagerrarazi beharreko praktika bat dela”.
Txakur horiez guztiez gain, beste 80 txakur ere jaso zituzten. “Tokian bertan identikatu ostean, txakur jabeei itzuli zitzaizkien, txakurtegitik igaro behar izan gabe”.
Mankomunitateak esan duenez, Marcan Huella elkartearekin lankidetza estuan eskaintzen dute animalien ongizate zerbitzua. “Etxerik gabeko animaliak adoptatzeko laguntza eurek eskaintzen dute. Mankomunitateak elkarteak egindako lana goraipatu eta eskertu nahi du”.