Barandika-Manzisidor eta Goenaga-Aimar bikoteek jokatuko dute Mutrikuko masterraren finala
Zapatuan jokatutako finalerdian, Ekaitz Mendizabal mutrikuarrak bigarren set-ean min hartu zuen bizepsean, eta ondorioz, partidua bertan behera geratu eta Goenagak eta Aldazabalek lortu zuten finalerako txartela.
Mutriku Jai Alai Master Series torneoaren finaleko bikoteak erabaki ziren zapatuan [uztailak 17]. Oro har, jokatutako lau setetatik, hiru oso borrokatuak izan ziren. Aforoa beteta lehiatu zuten pilota jaialdia.
Xabi Barandika gernikarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra batetik, eta Jon Goenaga mutrikuarra eta Aimar Aldazabal berriatuarra bestetik nagusitu ziren finalaurrekoetan, eta beraz, bi bikoteen horien arteko lehia hartuko du Miruaitz pilotalekuak bariku honetan [uztailak 23].
Ekaitz Mendizabal Goixarri II.ak min hartu zuen, eta ezin izan zuen finalaurrekoa amaitu. AEBtik bueltan, udako denboraldiaren lehen partidua izan zen mutrikuarrarentzat, eta etxeko txapelketan zorte txarra eduki du. Mendizabalek eta Lekerikak 15-12 irabazi ziten lehenengo set-a Goenagari eta Aimarri. Bigarrena hastean, 4-2 aurretik zihoazen mutrikuarra eta gernikarra, eta orduan besoan min hartu zuen Goixerrik. Min hartuta kantxa utzi behar izan zuen, eta ondorioz, Goenaga eta Aimar sailkatu ziren finalera.
“Pena bat da. Lehenengo seta borrokatua izan da, 15 eta 12 galdu dugu baina laurok joko polita egin dugu, eta jendea gustura egon da”, adierazi zuen Aimar Aldazabalek.
Goikoetxea-Aratz eta Barandika-Manzisidor bikoteen artekoa izan zen jardunaldiko lehen finalerdia. Aurrelari gernikarrak eta atzelari mutrikuarrak sufritu egin zuten lehen seta irabazteko (14-15). Hain zuzen, 13-10 galtzen joanda, markagailua irauli zuten, eta lehenengo setaren azken minutuak izan ziren finalaurrekoaren borrokatuenak. “Ahal izan dugu parekatu eta azkenean 14-14aren tantoan zortea izan dugu eta gure alde amaitu da”, azaldu zuen Barandikak.
Bigarrenean, ostera, nagusitasun osoz mendean hartu zituzten zumaiarra eta mutrikuarra: 15-8.
Sarrerak. Bariku honetako finalerako txartelak aurretiaz eskuratzeko 634 42 65 88 telefono zenbakira deitu behar da (15 euro). 240 bat pertsonako muga daukate, eta beraz, aurretiaz telefonoz denak saltzen ez badituzte, finalaren egunean txarteldegian ere hartu ahalko dira.