Mahatsaren inausketa berdeari buruzko ikastaroa, Lekeition
Lekitto Bedarrak antolatuta, baratzeko lerroek eskaintzen dituzten aukerak ezagutu zituzten hainbatek zapatuan. Asteon mahatsaren inausketaz ariko dira. Horretan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak antolatuta, baratzeko lerroei buruzko ikastaroa egin zuten zapatuan [uztailak 17], Usotegin. Saioan Lekeitioko, Igorreko eta Balmasedako herritarrek parte hartu zuten, eta esan dute partaideek «oso ondo» baloratu zutela saioa.
Ikastaroa Koldo Laka Lekitto Bedarreko kideak eskaini zuen, eta partaideek alde teorikoa eta praktikoa lantzeko aukera eduki zuten. «Baratzeko lerroek ematen dituzten abantailak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten. Partaideek oso ondo baloratu zuten Lakaren esperientzia eta hark emandako azalpenak», esan dute Lekitto Bedarrekoek. Saioagaz amaitzeko, Iñigo harategiak emandako txorizoa dastatuz amaitu zuten.
Zapaturako [uztailak 24] hitzordua. Zapatuan eskaini zuten ikastaroa Lekitto Bedarrak aurten eskaintzen duen laugarrena izan zen. Baina hor ez da amaitzen. Izan ere zapatuan [uztailak 24] mahatsaren inausketa berdearen saioa egingo dutela esan dute. «Ikastaro hori ere Usotegin egingo dute, 11:00etatik 12:00etara. «Aurretik ere eginda daukagu mahatsaren inausketa ikastaroa. Eta saio hura oso arrakastatsua izan zen. Guztira 24 herritarrek parte hartu zuten eta txandatan banatuta egin genuen. Beraz, arrakasta hori dela eta, horri jarraipena ematea erabaki dugu, herritarrek ere hala eskatu digutelako. Izan ere, hainbat herritar arduratuta daude inausi ondoren euren mahatsak hainbat adar berri bota dituelako eta ez dakitelako zer egin». Bada, zapatuko ikastaroan zalantza guztiak argituko dituztela diote. Eta horretarako Usotegiko mahatsa adibide modura erabiliko dutela aurreratu dute.
Aurretik egindako mahatsaren inausketa ikastaroan legez, zapatuko saioa ere Txakoli Pipaseko Anton Onaindiak gidatuko du. «Eta saioa Txakoli Pipas eta Iñigo harategiaren txorizoak dastatuz amaituko dugu».
Horretan parte hartu nahi dutenek posta elektronikoa bidali (lekitto.bedarra@gmail.com) edo telefonoz deitu dezakete (658 75 16 61). Izena emateko azken eguna barikua dela esan dute. Orain arte modura, lekuak mugatuta egongo dira.
Esan dute udako etenaldia egin aurreko azken ikastaroa izango dela zapatukoa. Beraz, herritarrak horretan parte hartzera animatu dituzte.
Usotegiko uzta banatzen. Bestalde, Lekitto Bedarrak Usotegiko uzta herrian behar gehien dutenei banatzen jarraitzen du. Hala, barikuan Elikagaien Bankuari eman zioten Usotegin hazitako beste barazki sorta bat. Besteak beste, letxuagak, kalabazinak, pepinoak eta kipulak eman zizkieten. Zehaztu dutenez, aurten zortzigarrenez ematen diote uzta Elikagaien Bankuari.