Markina-Xemeinen egitekoa zen 'Yijaaa!' ikuskizuna bertan behera geratu da
Aktore bat gaixorik dagoela azaldu dute antolatzaileek. Udako kultur egitarauaren baitan antolatutako bestelako ekitaldiak, berriz, aurrera doaz; beste bi ikuskizun egon dira asteburuaren bueltan.
Uhagon kulturguneko arduradunek jakitera eman dutenez, gaur [uztailak 19] egotekoa zen Goitibera konpainiaren Yijaaa! ikuskizuna bertan behera geratu da. Aktore bat gaixorik dagoela azaldu dute. Familientzako ikuskizuna, hala ere, aurrerago egingo dutela esan dute. Data berria zehazten dutenean jakinaraziko dute.
Goitibera konpainiarena, baina, ez da asteburuko kultur aukera bakarra izan. Uda honetan egitarau zabala izaten ari dira Markina-Xemeinen. Horrela, eguenean [uztailak 15] Rojo Telon konpainiaren Nudo zirku antzerkia egon zen Uni frontoiaren aurrean, eta domekan [uztailak 18] Berdinki zirku konpainiaren Mikra zirku garaikide ikuskizuna. Zirkua, musika eta antzerkia uztartzen dituen Mikra ikuskizunak ere ikuslez bete zuen Uni frontoiaren aurrea. Barre algararik ez zen falta izan.
Oro har, Markina-Xemeingo Udako Egitarauko ekimenak harrera ona izaten ari dira; ikusleen erantzuna handia izaten ari da, eta oraindik badago gozatzeko aukerarik. Orain arte egon diren ekintzez gain, beste hainbat ekintza egongo dira datozen egunetan ere, besteak beste, ohe elastikoak eta jumping-ak, pintxo lehiaketa, Sormen Tailerra eta Amak taldearen kontzertua.