Mutriku bosgarren sailkatu da 560 kiloko kategorian
Barikuan kategoria mistoarekin amaituko dute aurtengo Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, baina, Mutriku Sokatira Taldeak ez du jardunaldi hori lehiatuko.
Espero zen modura, ezustekorik gabe lehiatu zuten Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren 560 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia. Aurreko kategorietako txapeldunak, Gaztedi Ak nagusitasun osoz irabazi du 560 kiloko txapelketa ere.
Beste behin, zapatuan [uztailak 17] Gohierri saiatu zen Gaztediren nagusitasuna hausten, baina Gaztedi A “beste maila batean” dago, eta ezinezkoa izan zen bere garaipena saihestea.
Mutrikuk bosgarren amaitu zuen 560 kiloko azken saioa, eta txapelketan ere bosgarren postuan sailkatu da.
Gaztedi Aren atzetik, Goiherri, Gaztedi B eta Akelarre sailkatu dira, hurrenez hurren; Gaztedi Ck amaiatu du azken postuan. Akelarrek talde indartsua atera zuen, Gaztedi Bri aurre hartzeko asmoz, baina Gaztedi Bkoek euren maila emanda, hirugarren postuari eutsi zioten. “Gu eta Gaztedi C gure mailan aritu ginen, ez zen egon nobedaderik”, dio Javier Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak.
Urrestiren hitzetan, orokorrean, 560ko kategorian, talde guztiak pisuan sartzeko pixka bat sufritu egin dute: “Taldekide batzuek pisua gehiago jaitsi behar izaten dute, eta beste batzuk pisuan ondo egoten dira. Taldea osatzeko arazoak ematen dituen kategoria da. Adibidez, Gaztedik aurreko bi jardunalditan sartu ez zuen kide bat sartu du bukaerako saioan. Aurreko bietan jaitsi behar zuen pisura ez zelako jaisten, eta azkenengorako pisua jaistea lortu zuen”.
Mutrikuk asteburuan amaitu du Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, eta bi hilabete dituzte aurretik Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa prestatzeko. 2020ko irailean lehiatu behar zuten, baina pandemiaren eraginez urtebete atzeratu zutenez, irailaren 15etik 19ra jokatuko dute. Mutrikukoek 640 edota 560 kategorietan parte hartzeko asmoa daukate.
Jardunaldi batzuk astegunetan direnez, lana eta sokatira uztartzea ez da erraza izango talde guztientzat. Taldea osatzeko estu eta larri ibiliko direla dio Urrestik: “Gure taldekideekin saiatuko gara taldea osatzen, baina ikusiko da”.
Kategoria mistoa. Aurtengo Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa bariku honetan [uztailak 23] amaituko dute Gatikan. 20:00etan hasita 580 kiloko txapelketa mistoa jokatuko dute. Pisu mistoko txapelketa jardunaldi bakarrean lehiatuko dute Gaztediren hiru taldeek.