Ugaitz Mugertza eta Otaño hirugarren sailkatu dira Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusian
Promozio mailan, Aratz Mugertza eta Eneko Saralegi bigarren sailkatu dira.
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak hartu zuen barikuan [uztailak 16] Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia, eta Txikia IV eta Atutxa II aizkolariek irabazi zuten lehen mailako txapela. Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Eneko Otaño beizamarra hirugarren sailkatu ziren.
Promozio mailan, berriz, bigarren geratu ziren Aratz Mugertza mutrikuarra eta Eneko Saralegi nafarra.
39 minutu eta 49 segundotan burutu zituzten lanak Txikia IV eta Atutxa II txapeldunek. Hiru diametroko hamazortzi enborrekin, zortzi kanaerdi, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko moztu behar izan zituzten lehen mailako bost bikoteek.
Alde estuarekin, Iker Vicente eta Azurmendi sailkatu ziren bigarren (40.44). Mugertzak eta Otañok 43 minutu eta 44 segundotan amaitu zituzten lanak. Hirugarren postua lortzea zen euren helburua, podiumean sartzea: “Lan erdietan estutasun handia pasatu genuen Otaño eta biok, gero, bukaerara arte nahikoa eutsi genion. Larrañaga eta Mujika oso gainean geneuzkan, eta azkenean, tartea hartzea lortu genuen, eta behintzat, nahikoa gustura bukatu genuen”. Minutu bat pasatxo atera zieten Larrañaga eta Mujika laugarrenei (45.09). Irazu eta Rekondo sailkatu ziren azken postuan, 47 minutu eta bederatzi segundoko denborarekin.
Luzea eta gogorra. Horrela definitu du finala Ugaitz Mugertzak: “Serieka aritu ginen 15-20 minutu denak emanda, eta gero atsedena eta berriro lanera. Sekula plazan ikusi ez den lan mota izan zen, luzea eta oso gogorra”. Irabazteko faboritoei dagokienez, Atutxa eta Txikia eta Vicente eta Azurmendiren arteko “borroka hori” gehienek espero zutela zehaztu du.
Kañamares eta Pellejero izan ziren promozio mailako onenak. 20 minutu eta 59 segundoko marka egin zuten. Lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru enbor eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten. Txapeldunengandik hurbil ibili ziren, eta bigarren postuarekin “gustura” dago Aratz Mugertza: “Alde handirik ez ziguten atera, eta gure lana egin genuen. Gure ustez denbora ona egin genuen”. Txapeldunek baino 46 segundo gehiago behar izan zituzten lanak amaitzeko. Etxeko lanak ondo eginda ailegatu ziren, eta txapela lortzeko aukerak zituztela pentsatzen zuten: “Biok entrenamendu polita eginda geunden, eta uste genuen ahalko zela. Ikusi zen besteengandik gainean ibili ginela”. Oro har, hiru mailak batuta, jaialdi “polita” irten zela nabarmendu du.
Finaleko gainontzeko bi bikoteen artean hamar segundoko aldea egon zen. Larrea II-Zelai IV bikotea sailkatu zen hirugarren (22.10) eta Jauregi-Corchero laugarren (22.21).
Bestalde, lehen aldiz, emakumeek lekua izan dute aizkolaritzako binakako lehiaketa batean, eta Zelai III.ak eta Ansorregik jantzi zituzten txapelak barikuan. Hiru bikotek parte hartu zuten, eta bi oinbateko eta 45 ontzako bi enbor ebaki zituzten.
Zelai III eta Ansorregi hasiera hasieratik aurreratu ziren, lehen enborretik, baina gertu aritu ziren Tanco eta Maica. Hamabi minutu eta hamazazpi segundotan amaitu zuten txapeldunek, eta hamahiru minutu eta bost segundotan bigarren sailkatuek. Arruti-Julia bikoteak, ostera, hamazortzi minutu eta sei segundoko denbora egin zuten.
Aizkolarien apustu handia da eurek antolatutako txapelketa nagusi hau, eta bere garrantzia azpimarratu dute Mugertza anaiek. Balorazio positiboa egin dutela dio Ugaitz Mugertzak: “Lehen mailako denok eta bigarren mailako gehienek bat egin genuen, eta indar handia hartu dugu guk gure kasa. Eta Sherpa.ai enpresaren laguntza asko eskertzen dugu. Ikusi da ikuskizun polita sortu dugula. Iruditzen zait ikusleentzat nahikoa erakargarria izan dela, eta maila oso altua egon dela”.
“Gustura gaude, hasteko urte zaila tokatu zaigu, baina aurrera segitzeko ilusioa daukagu”, gehitu du Aratz Mugertzak.
Federazioagaz harremana daukate, aurreko astean batzartu ziren, baina momentuz, “soka nahikoa etenda” dago. “Orain motzean ez bada lotzen, zaila izango da berriro elkar hartzea”, adierazi du Ugaitz Mugertzak.
Aurrera segitzea da aizkolarien helburua, eta denborarekin indar gehiago hartzea espero dute: “Gure ahalegina da jendea, eta batez ere gazteak erakartzea. Garai zailak dira; Koronabirusagatik ikusten da jendeari plazara joatea pixka bat kostatzen zaiola, baina espero dugu denboragaz jendea joatea. Guk gure aldetik maila altuena emateko publikoaren babesa ere behar dugu, eta ea lortzen dugun”.