Maskara "etengabe" beharrezkoa izan dadila eskatu dio Urkulluk Sanchezi
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari idatzitako gutun batean egin dio eskaria. Joan-etorriak, taldeen gehieneko kopuruak eta gaueko jende pilaketak murrizteko neurriak ere eskatu dizkio.
Kutsatzeen gorakada betean, behin baino gehiagotan iradoki du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak beharrezkoa dela maskararen erabilera zorroztea. Eskari hori formalizatu duela jakinarazi du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari idatzitako gutun batean. Bertan, maskararen erabilera malgutzen duen errege dekretua moldatu dezala eskatu dio. Bihar [uztailak 21] eztabaidatuko dute errege dekretu hori Espainiako Kongresuan, eta bozketaren aurretik, testuan maskararen erabilera “etengabe erabili behar dela argi geratu dadin” galdegin dio, salbuespen apur batzuekin: naturguneak eta inguruan jenderik ez dagoen lekuak.
Eskaera gehiago. Maskararen erabilera soilik ez, pandemiaren hedapena hesitzeko bestelako neurriak zorrozteko berme juridikoak ere eskatu dizkio Sanchezi. Autonomia erkidegoek hartu behar dituzten neurriak «segurtasun juridikoz» har ditzaten, «berehala», aste honetan bertan neurriak hartzeko eskatu dio. Mugatu beharreko eremuak dira, Urkulluren ustetan, taldeen gehieneko kopurua, gaueko jende pilaketak eta joan-etorriak.
00:00etatik 06:00etara bizikideak ez direnekin eremu publikoan egoteko debekuari buruz, oraindik neurri horren balorazioa egiteko goiz dela azaldu du
Neurri horien segurtasun juridikoa bermatu ahal izateko formulaz galdetzean, Zupiriak azpimarratu du Urkulluk ez diola alarma egoerarik edota etxeratze agindurik eskatu Sanchezi. Bestalde, azken neurri hori, etxeratze agindurako bermea auzitegiei eskatzea, baztertu egin du, horretarako eskumenik ez duela iritzita. Zupiriak adierazi du erabaki hori Espainiako Gobernuaren esku dagoela eta horregatik egin diola hari eskaria Urkulluk.
Erantzuna ezezkoa balitz. Zupiriak nabarmendu du oraindik ez dutela Sanchezen erantzunik jaso. Hala ere, eguenean [uztailak 22] bilduko den Labi aholku batzordearen hitzordua mantenduko du Jaurlaritzak, eta gaur eta bihar [uztailak 20-21] artean izango dituzten bilera eta foroetan erabakiko du neurriak zorroztu behar diren edo ez. Dena den, orain indarrean dauden neurriak gogorarazi ditu, eta Jaurlaritzak ohartarazpenak egin dituela defendatu du. 00:00etatik 06:00etara bizikideak ez direnekin eremu publikoan egoteko debekuari buruz, oraindik neurri horren balorazioa egiteko goiz dela azaldu du.