Uda amaieran eraitsiko dute Ondarroako Txomin Agirre 28ko eraikina
Zanjadoras y desmontes SA enpresak egingo ditu eraisketa lanak. Bederatzi astetan burutuko dituzte lanak, segurtasun neurri bereziak hartuta.
Aurreikuspenen arabera, irailean hasiko dira Txomin Agirre 28 zenbakian legez kanpo egin eraiki zuten eraikina botatzen. “Lanak, ziurrenik, irailean hasiko dira, baina baliteke abuztuan hastea”. Kontrako interesak daudenez, epaileak erabaki du udala arduratu beharko dela eraisketa lanetaz. “Eraikina eraisteko epai irmoa dago, eta urtea amaitu baino lehen gauzatu behar da”. Udalak eraisketa gastuak jabeari erreklamatu beharko dizkio gero; LKS-Laboral Kutxa da eraikinaren jabea.
Udal iturriek azaldu dutenez, lau enpresa aurkeztu dira eraikina eraisteko lehiaketa publikora. Aurkeztu dituzten lau eskeintzetatik Zanjadoras y desmontes SA enpresaren proposamena onartu dute. “Enpresa aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzen ari da orain”. Lanak bederatzi astetan gauzatuko dituzte eta kontratuak 228.351,62 euroko (BEZ barne) aurrekontua du.
Eraikina Alde Zaharrean dagoela kontuan hartuta, eraisketa lanak segurtasun neurri bereziak hartuta egin beharko dituzte, alboko etxeetan kalterik eragin barik eta arrakalen aurkako protokoloa beteta eta lekukoak ipinita. “Aurretik neurketa batzuk egingo dira inguruko eraikinak eta espazio publikoa ez kaltetzeko”.
Eraisketa kostu handiagaz gain, beste 400.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan ditu udalak kalte ordainetan. Eraikina egiteko lanak 2007an baimendu zituen orduan udal gobernuan zeuden agintariek, baina gerora eraikina legez kanpokoa zela esan zuen epaile batek. “Legez kanpoko eraikina da, enpresa pribatu bati orube publiko bat saldu ziolako bere garaian udalak. Horrez gain, Alde Zaharreko Birgaitze Integraleko Plan Bereziak dioena ez du betetzen”.
Sarbideak itxita. Jabeek eraikinaren sarbideak estali behar izan zituzten udaberrian, inguruko bizilagunen kexen aurrean. Eraikin barrura jendea sartzen zela ikusirik, hormak eraiki zituzten sarreretan. “Zarata sortu eta zikinkeria botatzen zuten. Horren aurrean, jabeak sarreretan hormak eraiki zituen”.