Herritarren behar sozialak hazi egin dira dira azken urtean
2020ko gizarte zerbitzuen datuak ezagutzera eman ditu Lea-Artibai Amankomunazgoak. Guztira, gizarte zerbitzuetan 1680 pertsona artatu dituzte.
Lea-Artibai Amankomunazgoaren 2020ko datuen arabera, pandemia egoeraren eragina nabarmena izan da azken urtean gizarte zerbitzuen arloan. Herritarren gizarte larrialdi premiak gorantz egin du, eta gizarte larrialdietako laguntzen onuradun kopurua zeharo igo da azken urtean. Guztira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan 1.680 pertsona artatu zituzten.
Guztira, joan den urtean 443.200,40 euro bideratu ziren Lea Artibai Amankomunazgoa osatzen duten udalerrietan gizarte larrialdietarako laguntzetara, eta 343 izan ziren laguntza horren onuradunak. 2019an, ordea, 309.814,46 euro bideratu ziren laguntzetara eta 229 onuradun egon ziren, 2018an laguntzen zenbatekoa 294.885,46 eurokoa izan zen eta 236 onuradun egon ziren eta 2017 urtean 247.221,75 euro bideratu ziren gizarte larrialdietara eta 203 izan ziren onuradunak.
Batez ere herri handienetan igo da laguntzen eskaera eta onuradunen kopurua. 2019an 50 onuradun egotetik 2020an 96 onuradun egotera igaro ziren esate baterako, Lekeition
Gizarte larrialdietarako laguntzak, besteak beste alokairu, energia, linea zuriko etxe tresna eta altzari gastuak ordaintzera bideratzen dira. Horrez gain, etxebizitza konpontzeko, egokitzeko edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak ordaintzeko, ohiko etxebizitza mantentzeko edota jantziak, hezkuntza, elikagai, prestakuntza eta osasun arretak sortutako gastuak ordaintzeko izaten dira, beti ere sistema publikoak ez badituzte estaltzen. Eta aurretiaz egindako zorpetze gastuei aurre egiteko laguntzak ere ematen dira. Hala ere, laguntza ekonomiko hori jasotzeko egoera bakoitza aztertzen dute aurretiaz oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalek.
Herri handietan. Udalerriz udalerri begiratuta, batez ere herri handienetan handitu da laguntzen eskaera eta onuradunen kopurua. 2019an 50 onuradun egotetik 2020an 96 onuradun egotera igaro ziren esate baterako, Lekeition. Ondarroako datuak ere antzekoak dira; 2019an 82 onuradun bazeuden 2020 urtean 125 izan ziren onuradunak. Ziortza-Bolibar izan zen bakarra 2019an onuradun bat izatetik 2020an bat ere ez izatera igaro den bakarra. Beste guztietan gorantz egin du.
Mendekotasunagaz lotutako bestelako kudeaketak ere gauzatu ditu Amankomunazgoak. Bizkaiko Foru Aldundira, guztira, 138 menpekotasun balorazio eskaera berri luzatu ziren 2020 urtean. Zehaztu dutenez, azken 14 urteetan 3.074 eskaera berri egin dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik Bizkaiko Foru Aldundira. Telelaguntza eskaerak, ordea, 122 izan dira, eta guztira, 31 egoitza eskaera egin dira ondorengo udalerrietan: zortzi Berriatuan, Ispasterren eta Ondarroan eta zazpi Lekeition.
Etxeko laguntza Zerbitzua ere bideratzen du Amankomunazgoak, eta 2020 urtean 216 bizikidetza unitateri eman diete zerbitzua. Onuradunak, denetara, 223 pertsona izan dira (emakumeak 144 eta gizonak 79). Bestalde, gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua ere badaukate martxan. Zerbitzu horretan, 51 familietan esku hartu behar izan dute gizarte langileek eta familia hezitzaileek. Horietatik, guztira, 62 adingabe eta 76 gurasorekin egin dute lan zuzenean.
Familiekin eta gazteekin adikzioen prebentzio mailan lanketa handia egin dute. Besteak beste, kerik gabeko gelak, alkohol kontsumoaren prebentzioa, joko apustuak, drogen prebentzio tailerrak, dependentzia emozionalen tailerrak, emozioen kudeaketa saioak COVID-19a dela eta, alkohol arrisku tailerrak eta gazteekiko gaien inguruko saioak eskaini dituzte. Familia eremuan ere egin dituzte lanketak. Alor horretan, gazte kontsumitzaileen guraso eta familien formakuntza espazioa zabaldu dute adikzioen gaiaren inguruan. Gurasoen orientazio psikologikoko zerbitzua ere abian egon da, eta hamalau kontsulta izan ditu: Lekeition bat, Markina-Xemeinen bost, Ondarroan zazpi eta Ziortza-Bolibarren bat.
Hiru udalerritan daude pertsona zaintzaileei laguntzeko laguntza psikologiko taldeak. Udalerri bakoitzean 11 saio egin dituzte, bakoitza bi ordutakoa, eta guztira, 24 pertsonak parte hartu dute horretan. Argitu dutenez, Amankomunazgoaren baitako zortzi udalerrietako familia zaintzaileei zuzenduta dago zerbitzua.
Indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako harrera etxeak ere eskaintzen dituzte. 2020an bi eskari eduki dituzte emakumeen harrera etxerako
Gaueko harrera. Gaueko harrera zerbitzua ere ematen du Amankomunazgoak Durangon kokatuta dagoen Ibaizabal aterpetxean. 2019 urtetik Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udaltzainen bitartez kudeatzen dute zerbitzua. Horiek Barik txartelak ematen dizkiete erabiltzaileei Durangoko aterpetxera joan ahal izateko. 2020 urtean, COVID-19ak sortutako alarma egoeran, martxotik maiatzera bitartean, aldaketa eman zen zerbitzu horretan eta Gurutze Gorriaren laguntzagaz, plazak gehitu zituzten.
Gaueko harreragaz gain, etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako harrera etxeak ere eskaintzen dituzte. 2020an bi eskari eduki dituzte emakumeen harrera etxerako. Baztertze egoeran dauden pertsonak ere jo dezakete laguntza eske gizarte zerbitzuetara. Durangoko Amankomunazgoagaz eta Zornotza, Berriz, Mallabia eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz zerbitzu hori martxan jartzeko beharrezko kudeaketak egiten dituzten bitartean, bi gela dituzte zerbitzua Lea-Artibain bertan eskaini asmoz. Horretarako, Lea Artibai Ikastetxeagaz zerbitzua bertan emateko hitzarmen bat adostu zuten.
Pandemiak eta batez ere konfinamendu garaiko hilabeteak eragin zuzena izan dute familia eta sexu indarkeria kasuen arreta psikologiko zerbitzuan; kasu berriak murriztu egin dira
Adinekoen ostatu zerbitzuari dagokionez, guztira, 2020 urtean, sei eskaera eduki dituzte, eta guztiei eman diete erantzuna eskualdeko udalerrietan dauden egoitzetan ostatu emanda.
Datuen arabera, aurreko urteekin alderatuta, pandemiak eta batez ere konfinamendu garaiko hilabeteak eragin zuzena izan dute familia eta sexu indarkeria kasuen arreta psikologiko zerbitzuan; kasu berriak murriztu egin dira. 2020 urtean 69 pertsonak jaso dute arreta psikologiko zerbitzua eta horietatik 38k lehen aldiz. 38 pertsona horietatik 24k familiaren barruko tratu txarrak jasan dituztelako jo dute zerbitzua hartzera: hogei bikotearekiko tratu txarren biktima zuzenak izan dira eta lau bestelako senide baten partetik jasandako tratu txarren biktima zuzenak.
Bestalde, bost pertsona zeharkako biktimak izan dira, bi indarkeria sexualaren biktimak eta zazpi adin txikikoak. Zerbitzua 2006 urtetik ematen da Lea Artibai Amankomunazgoan, astean lau egunetan.