Hasi dira Plaiko Zubia muntatu aurreko prestaketa lanekin
Kamioi eta grua bat Alamedara sartu dira gaur [uztailak 22] goizean, eta lanak egin ahal izateko pieza batzuk deskargatu dituzte.
Aurreikuspenak batetzen badira, datorren eguaztenean [uztailak 28] ekarriko eta muntatuko dute Ondarroako Plaiko Zubia. Baina metalezko azpiegitura jatorrizko kokapenaren gainean ipintzen hasi aurretik, bestelako prestaketa lanak egiten hasi dira. Gaur [uztailak 22] goizean, esaterako, kamioi eta garabi bat Alamedara sartu dira, eta lanak egin ahal izateko pieza batzuk deskargatu dituzte. Horrez gain, Itsasaurreko zuhaitzen adarrak inausten aritu dira udal brigadako langileak; atzo [uztailak 21] eta gaur burutu dituzte lanak.
Zubia muntatuko duten egunean lanek hainbat eragozpen eragingo dizkie Alamedako eta Itsasaurreko bizilagunei, dendei eta tabernei. Horren berri emateko bandoa zabalduko du udalak. Gune horretarako tabernariei, gainera, eskutitz bat ere bidaliko diete, “sortuko diren gorabeherak lehen eskutik azaltzeko”. Zalantzarik edukiz gero, Udaltzaingora deitzeko eskatu dute (94-683 36 73 – 669 789 159).