Kultur Uheri ekimenean bertan behera geratu ziren ikuskizunen data berriak zehaztu dituzte
Abuztuaren 14an eta 15ean bertan behera geratu ziren bi ekintzak irailaren 4an eta 5ean egingo direla jakitera eman du Ondarroako Udalak.
Ondarroako II. Kultur Uheri kultur ekimena amaierara ailegatzen ari da. Asteburuan amaituko dira aldez aurretik programatuta zeuden ekintzak, baina jaialdia irailaren 5ean amaituko dela iragarri du gaur [abuztuak 27] udalak. Izan ere, bertan behera geratutako bi ekintzak irailaren 4an eta 5ean egitea adostu dute.
Zehaztu dutenez, eguraldi txarragatik abuztuaren 15ean bertan behera geratu ziren eskupilota partiduak irailaren 4an jokatuko dira. Norgehiagokak 18:00etan jokatuko dituzte, herriko frontoian. Abuztuaren 14an egin beharreko Bentazaharreko neska-mutiko alaiak taldearen kantaldia berriz, irailaren 5ean egingo dute; kantaldia 18:00etan hasiko da, frontoian.
Udal iturriek azaldu dutenez, aldez aurretik sarrerak erosita zituzten ikusleak sarrera berekin sartu ahalko dira bertan behera geratu ziren ikuskizunetara. “Bateren batek sarrerak itzuli nahiko balitu, turismo bulegoan itzuli eta dirua bueltan jaso ahalko du irailaren 24ra arte”.
Gaur [abuztuak 27], bihar [abuztuak 28] eta etzi [abuztuak 29] egin beharreko hiru ekintzak aldez aurretik zehaztutako ordu eta leku berean egingo dituzte. Gaur, 19:00etan, Mikra ikuskizuna eskainiko du Berdinki zirkuak frontoian. Bihar, berriz, Bizkaiko 3. mailako Aizkora Txapelketa eta 1. mailako harrijasotze txapelketak jokatuko dira 19:00etatik aurrera frontoian. Domekan, azkenik, Shakti Olaizolak Baldin Bada ikuskizuna eskainiko du 19:00etatik aurrera frontoian.