Nora Garmendia ondarrutarrak bere lehen liburua aurkeztuko du Ondarroan
Elkarrizketa, poesia errezitaldia, musika eta dantza uztartuko ditu ekitaldiak. Aurkezpena eguenean [irailak 2] egingo dute, 19:00etan, Jai Braianen.
Durangon eta Galizian aurkezpenak egin ostean, Nora Garmendia Vidal idazle ondarrutarrak Ondarroan aurkeztuko du konfinamendu garaian ondutako bere lehen amodiozko olerki bilduma. Idazle hasiberriak duela gutxi argitaratu du Imbecilidad transitoria. Poemario: poetas del confinamiento 20 lana, eta horren aurkezpen ekitaldia egingo du eguenean [irailak 2], 19:00etan hasita, Musika Plazako Jai Braian tabernan.
Garmendiak iragarri duenez, elkarrizketa, poesia errezitaldia, musika eta dantza uztartuko ditu ekitaldiak. Ekitaldia xumea izango baldin bada ere, “oso dinamikoa” izango dela aurreratu du. “Nahi duen guztia ekitaldira gonbidatuta dago; polita izango dela uste dut. Lagun, senide eta herritarren aurrean aurkeztuko dut liburua, niretzat esanahi berezia duen lekuan. Fede Badiolak gidatuko du aurkezpena. Lehendabizi, elkarrizketa formatuan aurkeztuko dugu liburua eta, ostean, liburuko olerkiren bat edo beste errezitatuko dut, Garazi Etxaburu dantzariak ekitaldirako propio sortu duen performance bat dantzatzen duen bitartean”.
Bukaeran liburua eskuratzeko aukera ere egongo dela gaineratu du. “Nahi duenak, liburua sinatuta eta eskainita eramateko aukera ere edukiko du”.