Agustin Aristondo ondarrutarrak kantu bat eskaini dio 'Aita Mari' erreskate ontziari
Dozenaka kantu idatzi eta sortu ditu ondarrutarrak. Iaz Gabon inguruan amaitu zuen ‘Aita Mari’ izeneko kantua euskal mugetatik haratago ailegatu da, Mediterraneoaren bihotzera.
Oso kantuzaletasun handia dauka Agustin Aristondo ondarrutarrak. Sortzen dituen kantuak senideen eta hurreko lagunen artean elkarbanatzeko ohitura dauka. Dozenaka kantu idatzi eta konposatu ditu aspaldian, eta aitortu duenez, barrua mugiarazten dioten gaiak ardatz hartuta sortzen ditu horietako asko. Iaz, esate baterako, Mediterraneo itsasoan errefuxiatuak erreskatatzen jarduten duen Aita Mari erreskate ontziari eskainitako Aita Mari kantua sortu zuen. Azpimarratu duenez, “arima eta bihotzagaz” egindako eta “sentipenez betetako” kantua da erreskate ontzi ezagunari eskainitakoa.
Gerrateetatik, gosetetik edo zapalkuntzatik ihesean eta etorkizun berri baten bila Mediterraneo itsasoa gurutzatu nahian hiltzen diren errefuxiatuei buruzko albisteek eta “egoera tragikoak” ondarrutarraren barrua astindu zuten, eta telebistan ikusten diren irudiak oraindik buruan zituela kantua osatzen hasi zen, batez ere, errefuxiatuei eta erreskate ontzian lanean dihardutenei elkartasuna adierazi eta haiek bizi duten errealitatea azaleratzeko nahiagaz. «Gaiak asko hunkitu ninduen, oso tristea iruditzen zait Mediterraneo itsasoaren erdian gertatzen ari dena. Aita Mari-n bizitzak salbatzen aritzen direnen lana derrigor azpimarratu beharra zegoela iruditu zitzaidan».
Aristondok “astiro eta maitasun handiz” egin zuen kantua. “Gutxika-gutxika sortzen joan nintzen. Lerro pare bat idatziz hasi nintzen. Haren atzetik beste esaldi batzuk idazten joan nintzen, eta geroago musika ere sortzen hasi nintzen. Asteen joan-etorrian kantuan lanean aritu nintzen, eta astiro-astiro eta inolako presiorik barik kantua itxura hartzen joan zen”. Kantua “nahi modura” osatu zuenean “pozik” geratu zela nabarmendu du. Ostean, Eugen Bidegain musikari ondarrutarraren etxeko estudioan grabatu zuen kantua.
Sortzen dituen kantuak Whatsapp bidez elkarbanatzen ditu etxekoen eta ingurukoen artean, eta horregaz «konforme» geratzen dela dio. Baina Aita Mari-ri eskainitako kantuak, oso bestelako ibilbidea eduki du, eta, ustekabean, Aita Mari-n misio bat burutzen ari zirenenen belarrietara ailegatu zen. “Semeak Cikautxon egiten du beharra. Berbetan ari ziren batean, lankideetako batek semeari aipatu zion Aita Mari-n zeukala aita, eta nire semeak Aita Mari-ri eskainitako kantu bat egin nuela aipatu zion”.
Gauza batek bestea ekarri zuen, eta kantua azkenean Aita Mari-n misio bat osatzen zeudenen eskuetara ailegatu zen. “Nik neuk nahi izan barik, hortik eta hemendik egindako ahaleginari esker, nahi nuen tokira ailegatu zen nire kantua. Mediterraneo erdian sufritzen ari direnen belarrietara ailegatu zen, hain zuzen, doinu eta hitz horiek eskaini nahi nien horiei”.
Xabier Telleria Azkoitiko bizilagunari mugikorrera bidali zion kantua alabak kantua. Zehazki, lehorreratzeko portu seguru bat esleitzeko zain zeuden bitartean ailegatu zitzaion mezua, erreskate bat egin eta pare bat egunetara. “Egun pare bat arinago SAR eremuko uretan noraezean zebiltzala erreskatatu genituen errefuxiatuak, Libiatik nahikoa hurrean. Kantua mugikorrean jaso nuenean, Italiako uretara bidean geunden, hango porturen batean porturatzeko baimenaren zain. Sizilia irlako Augustako portuan lehorreratzeko baimena eman ziguten azkenean”.
Kantuaren lehen notak entzun orduko “zeharo hunkitu” zela nabarmendu du. Gaineratu duenez, kantuak harrera beroa eduki zuen ontzian zeuden gainontzeko euskaldunen artean. “Momentu hori betiko bihotzean geratuko zait. Negarrari eman nion, malko dariola. Kantua jaso nuen momentuan tripulaziokoen eta boluntarioen artean lau euskaldun geunden bakarrik, eta haiek ere asko hunkitu ziren. Momentu hartan uretatik erreskatatu genituen errefuxiatuak ontzi barruan zeuden, eta kantua entzun genuenean Agustin bera ere ontzian gure aurrean kantuan genuela ematen zuen. Pentsa hutsagaz, oilo ipurdia ipintzen zait”.
Telleriak azaldu duenez, Aristondok kantuan oso ondo deskribatu du Meditarraneo itsaroaren erdian errefuxiatuek bizi duten egoera latza. “Kantua oso polita iruditu zitzaidan. Agustinek errefuxiatuen azalean sartzeko gaitasuna eduki zuen hitzak idazterako orduan. Gure sentimenduak bete-betean asmatu zituen eta kantuan ezin hobeto espresatu zuen han bizi den egoera. Nik neuk SMH gobernuz kanpoko erakundeko Whatsapp taldean elkarbanatu nuen kantua eta, egia esan, esker oneko hitzak jaso nituen”.