Txori Erreka urbanizatzea izango da Ondarroako aurrekontuko inbertsio nagusienetako bat
Urbanizioaren bigarren fasera 131.926,10 euro bideratuko dituzte: gasa eta bestelako zerbitzuak sartu eta egin beharreko urbanizazio lanak egingo dituzte. Aurtengo aurrekontua txikitu egin bada ere, ez dute murrizketarik egin oinarrizko alorretan.
Ondarroako Udalaren 2021eko aurrekontua 11.514.562,33 eurokoa izango da, iazkoa baino 840.202,8 euro gutxiagokoa. Inbertsio handienak Txori Errekako urbanizazioaren bigarren fasea eta Ibaiondoko urbanizazio proiektuaren idazketa izango direla nabarmendu dute. Txori Erreka urbanizazioaren bigarren fasea gauzatzeko 131.926,10 euro bideratuko dituzte eta Ibaiondoko urbanizazio proiektua idaztera 121.000 euro. “16.940 euro gehiago inbertituko dira KamiƱazpi osoko irisgarritasun plana egiteko, baina EAJren emendakina onartu ostean 30.000 euro bideratu dira, herri guztiko plana eginaz”.
2020ko urtekoagaz alderatuta, aurrekontua %6,81 murriztu bada ere, udal gobernuak ongizate, berdintasun eta hezkuntzan murrizketarik ez egiteko eta zergarik ez igotzeko konpromisoari eutsi dio. Are gehiago, diru gehiago bideratuko dute Ongizate, Hezkuntza eta Berdintasun batzordeen funtsetara. “Oinarrizko zerbitzuak dira. Arlo horietan murrizketarik ez genuela egingo argi geneukan, oinarrizko zerbitzuak direlako edozein herritarren ongizaterako”.
Uztailaren amaieran egindako osoko bilkuran eman zioten oniritzia aurrekontuari. EH Bilduk aldeko bota eman zuten, eta EAJ, aldiz, abstenitu egin ziren. Aurrekontuan “hobekuntza garrantzitsuak” egin badira ere, EH Bilduren “aurreikuspen eza” kritikatu dute jeltzaleek. Arrazoi hori tarteko, abstenitu egin ziren, eta aurreko urteko aurrekontua luzatzea eskatu zuten, inbertsio plana bakarrik onartuz. Maria Dolores Etxano EAJren udal taldeko bozeramaileak, gainera, 2019ko eta 2020ko ekitaldietako likidazioen berri ez edukitzea eta 2018koa oraindik erabili ezin izana gaitzetsi du. Udalaren “benetako” egoera ekonomikoa zein den ezagutu barik jarraitzen dutela diote.
Udal gobernuak EAJk aurkeztutako emendakin gehienak onartu ditu
EAJk, bere aldetik, honako gaiei buruzko emendakinak aurkeztu zizkion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari: herriko irisgarritasun plana egitea, etxebizitzen eta eraikin publikoen irisgarritasun azterketa, mugikortasun plana, herriko kultura eta natura ondarea baliabide turistiko gisa berreskuratzea eta kiroldegiko, musika eskolako eta egoitzako inbertsio plana. Emendakinen balioa 120.000 eurokoa da.
Udal gobernuak onartu egin ditu jeltzaleek aurkeztutako emendakin gehienak, “zeuzkan proiektuak eta oposizioarenak bateragarriak zirelako”. Kiroldegiko, musika eskolako eta egoitzako inbertsio planei buruzko emendakinak, ostera, onartu barik geratu dira. Alkateak ondo ikusten du inbertsio plan horiek egitea, baina lan hori egiteko kanpoko enpresa kontratatu beharrean, uste du udalean nahikoa baliabide eta teknikari daudela.
Jeltzaleek, bere aldetik, EH Bilduren gobernu taldeak duen plangintza “defizita” arintzea lortu dutela nabarmendu dute. Aurrekontuak irisgarritasun eta mugikortasunaren aldeko planak egitea jasotzen dituela dio, baina, aldi berean, udal gobernuak “azken urteotan bizi duen epe laburreko dinamika” ere gaitzetsi nahi izan du.