Azken fasean sartu dira Ondarbeltz eta Urazamendik batuko dituen pasealekuko lanak
Dena aurreikusitako epean doala esan dute aldundiko iturriek. Asfaltatzea, barandak, farolak, semaforoak eta seinaleak ipini eta erremateak egingo dira hurrengo asteetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek baieztatu dutenez, gutxi falta da Mutrikuko Ondarbeltz hondartzako aparkalekua eta Urazamendik kaleko 10. atariaren aurrea batuko dituen oinezkoen pasealekua amaitzeko. Azpimarratu dutenez, lanak “inolako arazorik gabe” aurreikusitako martxan doaz aurrera. “Dena aurreikusitako epe barruan doa. Irailaren amaieran eginda egotea espero dugu”.
Maiatzean hasitako lanak azken fasean sartuta daudela ere esan dute. Estuarioaren ibilbidea jarraitzen duen 460 metroko pasealekuaren zatirik ikusgarriena eginda dago. “Pasealekuaren zati osoan doan hormigoizko plataforma osatuta dago dagoeneko. Asfaltatzea, barandak, farolak, semaforoak eta seinaleak ipini eta erremateak egingo dira azken fase honetan”.
Construcciones Moyua enpresa ari da egiten lanak eta 416.555,01 euroko aurrekontua dute. Oinezkoen bidea egiteaz gain, kolektore berriko hodia ere bertan txertatu dute; hodi hori ur zikinen sarearekin lotuko dute.