Hasi dira Ondarroako Txomin Agirre 28ko eraikina botatzen
Eraikina Alde Zaharrean dagoela kontuan hartuta, lanak apurka-apurka eta segurtasun neurri bereziak hartuta egingo dituztela nabarmendu dute.
Iragarrita zegoen modura, gaur [irailak 2] goizean hasi dira Txomin Agirre 28 zenbakian legez kanpo eraiki eta amaitu barik urteak hutsik zeraman eraikina botatzen. Aurreikuspenak betetzen badira, Zanjadoras y desmontes SA enpresako langileek bederatzi astean burutuko dituzte lanak. Udalak bere gain hartuko du eraisketak suposatuko duen kostua; 153.891,43 euro denetara. Eraikina egiteko lanak 2007an baimendu zituen orduan udal gobernuan zeuden agintariek, baina herritar batzuen salaketak medio, gerora eraikina legez kanpokoa zela esan zuen epaile batek.
Eraikina Alde Zaharrean dagoela kontuan hartuta, lanak apurka-apurka eta segurtasun neurri bereziak hartuta egingo dituztela nabarmendu dute. “Ingurukoei ahalik eta kalte gutxien sortzea espero dugu. Kontu bereziagaz egingo dira lanak, inguruan dauden etxeetan kalterik eragin barik eta arrakalen aurkako protokoloa beteta eta lekukoak ipinita”.
Eraikinaren barrua hutsik dagoenez, lanak ez direla “hain konplikatuak” izango uste dute udal iturriek. “Teilak kendu ostean, lanen zatirik zailena teilatu azpiko geruza kentzea izango dela uste dugu. Geruza hori kentzen denean lanak erritmo onean egitea aurreikusi dute”.
Eraikina osorik bota ostean, hutsik geratuko da orubea. Aurreratu dutenez, espazio hori zertara bideratu erabaki beharko da gero, “beti ere une honetan idazketa prozesuan dagoen Herri Antolamendurako Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plana errespetatuz”.