Hiribildu bihurtu aurreko Lekeitio
Lekeitiok 700 urte beteko ditu 2025 urtean, baina zelakoa zen Lekeitio ingurua hiribildu izan aurretik?
Lekeitiok 700 urte beteko ditu 2025 urtean. Urteurren garrantzitsua izango da Bizkaiko kostaldeko udalerriarentzat. 1325eko azaroaren 3an, hain zuzen ere, jaso zuen Lekeitioko elizateak hiribildu izendapena ematen zien hiri gutuna Maria Diaz de Haro Bizkaiko andrearen eskutik garai berriari hasiera emanez. Hiribilduaren fundaziora iritsi arte, baina, antolamendu eredu ezberdinetatik –herrixka, herrixka komunitatea eta monasterioa– igaro zen Lekeitiok eta inguruko herriek okupatzen zuten lurraldea, eta horiek aztertzeko lanean ari da Iñaki Madariaga Valle lekeitiarra.
Bere lanaren gakoa hiribilduaren fundazioari dagokion dokumentuetan agertzen den Monasterio de Santa Maria de Lequeitio erakundearen esanahia eta egitura sakonean aztertzea dela azaldu du. Bere esanetan, monasterio hitzak erakunde berezi bat definitzen du: herrixketako biztanleak eraikitako eliza propioa, eliza agintaritzagaz harremanik ez duena.
Dionez, monasterio hura XI. mendean hasi zen sortzen eta XII. eta batez ere XIII. mendeetan zehar joan zen osatzen, eta XIV. mendearen 20ko hamarkadan, monasterioaren jabeek, Bizkaiko jaurerriko agintari gorena zen Maria Diaz de Haro andreari eman zioten, Ibarrangeluko San Andres eta Arbatzegiko San Bixente monasterioen truke. Ostean, 1325ean, Maria Diaz de Haro andreak Lekeitioko kontseiluari —herriari— eman zion monasterioa hiribildua fundatu zuenean.
Herrixkak komunitateetan batuz joan ziren lehen herrixka zirenak komunitate handiaren auzune izatera igaro ziren
Antolaketa ezberdinak. Madariagak ikertu duenez, VIII. mende amaieran hasten dira herrixkak sortzen Bizkaian gizarte antolaketa eredu modura, eta IX. eta X. mendeen artean garatzen dira. Herrixka horietan, apurka-apurka eliza propio txikiak ere eraikiz joan ziren XI. mendean herrixka eta eliza sare sendo bat osatzera heldu zelarik. «Lekeitioko herrixka VIII. eta IX. mende artean kostaldean sortutako herrixketako bat izango zen. Lehen eliza garai hartan eraikiko zen, seguruenik lehenago tenplu erromatarra aurkitzen zen leku berean».
Populazioa mendiko herriguneetatik aranera jaisten hasi zen, eta, aldi berean, herrixkak komunitateetan batuz joan ziren lehen herrixka zirenak komunitate handiaren auzune izatera igaro zirelarik. Auzune garrantzitsuenetako elizak parrokia bihurtu zirela dio Madariagak, eta horietan hartu zituzten sakramentuen administrazioa eta ordura arte eliza txikiek betetzen zituzten gainerako beste eginkizun guztiak: «Ondorioz, beste auzoetako elizak desagertuz, edo baseliza bihurtuz joan ziren. Hau da gaur eguneko Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta Bedaronako herrixkek Goi Erdi Aroan jasan zuten eliza-antolaketa prozedura».
Madariagak azaltzen duenez, herrixka komunitateek edo jauntxoek sortutako eliza propioak monasterio izenagaz ezagutzen dira Goi Erdi Aroan. Jabetza pribatukoak ziren eta eliza agintaritzak ez zeukan euren gaineko eskumenik. Horrela, eliza-monasterio horien jabeek komunitateak sortutako errenta edo hamarren guztiak jasotzen zituzten.
Monasterio horrek herrixka komunitate pila bat hartzen zituen bere baitan, eta parrokia antolaketa prozesu baten bidez herriguneetan populazioa elkartzeko eragileak izan zirela ikusi du Madariagak: «XIII. mendean monasterio hitzaren esanahia aldatu egin zen, eliza propioa adieraztetik lurralde antolamendu administratibo eta zibilaren eredua adieraztera aldatuko da. Honela, lehenengo hiribilduen sorreraren sasoian, Bizkaiko lurraldea monasteriotan antolatuta zegoen, haien elizak hainbat herrixketako komunitateak bilduta zutelarik, beraien lurrekin eta onibarrekin».
Buruzagia. Herrixka komunitateen baitan herrixketako buruzagiaren irudia ere sortu zen. Batzuetan Bizkaiko jaunaren milizietan parte hartzen zutelako edo herrixkan gainerako kideek baino jabetza gehiago zituztelako hartzen omen zuten agintari edo lidergo izaera hori. Beste batzuetan, ordea, justizia laguntzaile edo epaile funtzioak betetzen zituztela aipatzen du Madariagak. Hala, agintari horri herrixka komunitateko elizaren kontrola ere ematen diote, eta beraz, komunitateak sortutako baliabideen administratzaile nagusi bihurtzen da. «Denbora joan ahala, herrixkako buruzagi hauek, tokiko aristokraziako jaun bihurtuko dira, Bizkaiko jaunaren basailu, eta bigarren mailako noblezia bat osatzera helduko dira. Aurrerantzean agintari mota honi tokiko jauna deituko diogu. Bizkaia osorako erabili den dinamika aplikatuz, Lekeitioko herrixkako buruzagia, Lekeitio eta bere landa-inguruneko tokiko jaun bilakatuko zen».
XI. mende erdi aldera, Lekeitioko tokiko jaunak, herrixkako komunitateak fundatutako elizaren jabegoa eskuratuta izango zuen jadanik
XI. mendearen erdi aldera tokiko jaunek euren jabegoko lurretan eta oinetxetik hurre elizak eraikitzeaz gain, herrixka komunitateek sortutako elizen jabegoa ere hartu zuten, batzutan indarrez, beste batzuetan erosita edo trukatze edo usurpazio bidez. Madariagak dionez, Lekeitioko herrixkaren kasuan lurraldean agintzen zuen tokiko jaunak VIII. eta X. mendeen artean hartu zuen herrixkako biztanleek sortutako elizaren jabegoa, eta berreraiki edo handitu ondoren, eliza horretan ezarri zen geroago Santa Maria de Lequeitio izenagaz ezagutuko zen monasterioa. «XI. mende erdi aldera, Lekeitioko tokiko jaunak, herrixkako komunitateak fundatutako elizaren jabegoa eskuratuta izango zuen jadanik. Horren ondoren, gaur eguneko Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta Bedaronako landa komunitateen elizetako detxemak eta beste errentak bereganatzeko estrategia gauzatuko zuen».
Estrategia horren gakoa ondorengoa izan zela dio: « gaur egungo Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta Bedaronako landa komunitateetako lur jabe handiek euren ondasunen zati bat Lekeitioko elizari eman zioten eta horregaz batera euren elizen detxemak eta beste errenta guztiak Lekeitioko tokiko jaunak zuen elizara bideratu. Horrela, Lekeitioko landa inguruneko lur jabe handiak Lekeitioko tokiko jaunaren kide bihurtu ziren».
Estrategia horren ondorioz, landa komunitateetako elizen onurak nabarmen murriztu ziren, eta eliza horietan errentak jartzen jarraitu zuten lur jabe txikiek geratzen zaizkien errentekin euren mantenimentuari ezin ziotenez eutsi, eliza horietan parte hartzeari uko egin eta Lekeitioko elizara batu behar izan ziren euren ondasunen detxema eta errenta guztiak horretara bideratuz. «Ondorioz, Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa, Bedaronako landa komunitateetako elizak Lekeitioko monasterio berriaren menpeko ermita bilakatu ziren, beraien lurraldea Lekeitioko auzune bihurtuz».
Landa komunitateetako baserritarrak monasterio berrian integratzean pertsona libreak izatetik jauntxo feudal baten menpe zeuden pertsonak izatera pasatu ziren
Irabazleak eta galtzaileak. Parrokia antolaketa eredu hori XI. mendearen erdi aldean hasi eta XII. eta batez ere XIII. mendeetan sendotu zela azaldu du Madariagak, tokiko jaunen monasterio handien sorrera gauzatuz. «Lekeitioko elizaren jabea zen tokiko jauna irabazten atera zen aldaketa horiekin, Lekeitioko monasterioak batzen zuen lurraldea jaurerri txiki bihurtu zen, tokiko jauna jauntxo feudal bilakatuz, honek, monasterio berriaren lurraldearen gaineko jurisdikzio zibil, erlijioso eta judiziala erabiliz».
Bestalde, landa komunitateetako baserritarrak prozesu horregaz guztiagaz galtzen atera zirela azpimarratu du historiazale lekeitiarrak: «Monasterio berrian integratzean pertsona libreak izatetik jauntxo feudal baten menpe zeuden pertsonak izatera pasatu ziren. Jauntxoarenganako betebehar ugari duten pertsonek, diru ordainketak barne».
Izan ere, tokiko jaunak nahi zuten guztia egiteko aukera eduki zutela dio XIII. mendera arte, erakunde zibil eta erlijiosoen ahultasunaz baliatuz: «Bizkaiko kondea oso lanpetuta zegoen Errioxako bere domeinuen kontrola sendotzen. Erakunde erlijiosoek bestalde ez zeukaten baliabiderik bere elizbarruti handiaren parrokiak kontrolpean edukitzeko».
Lekeitioko monasterioak Lekeitio, Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta Bedaronako herrixka komunitateak hartzen zituen
Monasterio deritzon antolaketa administratibo eta zibilak mende luzeetan iraun zuen, eta Madariagak azaldu modura, hori izan zen Maria Diaz de Haro andreak Lekeitioko tokiko jaunarengandik eskuratu zuena XIV. mendearen 20ko hamarkadan, eta, gero, Lekeitioko kontseiluari eman ziona hiribildua fundatu zuenean. Lekeitioko monasterioak Lekeitio, Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta Bedaronako herrixka komunitateak hartzen zituen, eta euretako eliztarren baliabideak ustiatzen zituen.
Kontatu beharrekoa. Lan guzti hau burutzeko Bizkaiko Historiaren hainbat ikerlariren lanak erabili ditu Madariagak, hala nola, Jose Angel Garcia de Cortazar, Juan Manuel Gonzalez Cembellin, Angel Larrea Beobide, Iosu Curiel Yarza eta Iñaki Garcia Caminorenak besteak beste. Eta, 2025 urtera bitartean geratzen den denbora, Lekeitioko herrixka eta haren landa inguruneko herrixkak duela 1.000 urte baino lehenagotik populaturik eta lurraldez antolatuta zeudela ikertu eta ezagutzera emateko erabili nahi du. «Hiribilduaren fundazioaren urteurrenera aurreko historia ezagututa heltzea ondo legoke», dio.
Asmo horregaz ari da aztertzen hiribildu gisa sortu aurreko Lekeitio historiazale lekeitiarra, eta lan hori guztiori osatzeko Santa Maria Monasterioaren sortzailea eta bertan agintzen zuen jauntxo feudala zein zen ikertzen dihardu orain. Eta bide batez, historian adituak gonbidatu nahi ditu lanketa horretara: «Nire nahirik handiena historialariak lan honetan esku hartzea izango litzateke, ikerlan bat egitea. Lekeitioko historia buruz dakite kasik, eta erraz egingo lukete lan hau».