Kevin Huber: "Lesioak saihestea ezinezkoa da; kanpo faktore askok eragiten dute"
Bost urte daramatza Kevin Huber prestatzaile fisiko gernikarrak Lointek Gernika Bizkaiaren lehen mailako taldeko jokalariak prestatzen. Denboraldi-aurre bete-betean daude, Ā«denboraldiko oinarriak zehaztenĀ».
Zeintzuk dira lehen mailako saskibaloi talde bat prestatzeko faktore garrantzitsuenak?
Harrobiko prestatzaile fisikoen eta lehen mailako saskibaloi taldekoen arteko aldaketarik nagusiena jokalariak prestatzeko daukagun denbora da. Harrobiko kirolari guztiekin banakako prestaketa egitea ezinezkoa da, baina lehen mailakoekin egin daiteke. Jokalari bakoitzari mediku testak eta fisikoak egin eta horietatik abiatuta bakoitzarentzako lan zehatza prestatzen dugu. Harrobian ez dago horretarako aukerarik, eta prestaketa orokorragoa izaten da.
Zeintzuk dira helburuak?
Gure lana jokalari bakoitzaren gabeziak identifikatu eta horietan eragitea da, beharrizan horietarako lan espezifiko bat zehaztuz. Lesio bat izanez gero, lesio hori hobetzea bilatzen dugu. Beste batzuetan erresistentzia aerobikoko gabeziak lantzen ditugu edota indar, potentzia edo abiadurakoak. Gabezi horientzako eragiten dugu, baita beste aspektu batzuetan ere.
Zein ezaugarri izan behar ditu lehen mailako jokalari batek?
Entrenatzaileek esaten digute jokalari bakoitzarengandik zer espero duten edo zer gura duten landu: bizkorragoak edo aerobikoki hobeak izatea, potentzia edukitzea… Eskaera horiekin eta guk aztertzen ditugun beste aspektu batzuekin bakoitzarentzako entrenamendu egokituak garatzen ditugu. Saskibaloian gai izan behar dira kantxan minutu asko jokatzeko, arinak izan behar dira desplazamendu laburretan eta potentzia izan behar dute saltatzeko eta kontaktua jasateko momentuan.
Prestatzaile fisiko baten lana ez da horrenbeste ikusten, baina garrantzitsua da. Zuon lanak zenbaterainoko garrantzia dauka?
Gero eta gehiago ari da nabarmentzen prestatzaile fisikoen lana, batez ere lesioak gutxitzeko edota jokalarien sasoi fisiko onena lortzeko orduan. Jokalari beteranoenetan, 28 urtetik gorakoetan lan filosofia oso aurreratua dute, beharrezkoa dutelako. Hasierako urteetan energia dute, baina nagusitzean beharrezkoa da prestatzaileen lana.
Emaitzak asko aldatu daitezke taldeak prestatzaile fisiko bat izan ala ez?
Bain, gaitasun aerobikoak kantxan lantzen dituzte, baina jokalari bakoitzarentzako lan fisiko egokitua oso garrantzitsua da. Eta hori ez dute kantxan lantzen, horretarako kantxatik kanpoko lan fisikoa landu behar da.
Denboraldia prestatzen ari zarete orain. Zeintzuk dira kontuan hartu beharreko alor nagusiak?
Lehenengo astea lan fisiko orokorra egiteko baliatu dugu. Izan ere, jokalariak ezagutu behar ditugu. Aurten zortea daukagu, iazko zazpi jokalari ezagutzen ditugulako, baina berriak ezagutu behar izan ditugu eta euren gabeziak zehaztu. Lehen astean lan asko egin dugu, eta partiduekin hasten garen bigarren aste honetan lan bolumena jaitsi dugu, entrenamendu laburragoak eginez. Baina denboraldi-aurre guztia oinarriak zehazteko erabiltzen dugu, bai prestakuntza fisikoan zein teknikoan. Izan ere, orain daukagu asko entrenatzeko aukera, eta funtsezko ezaugarri horiek zehazteko momentua da.
Talde lana ere bada prestatzaile fisikoena.
Ezinezkoa da prestakuntza fisikoa talde lanetik kanpo lantzea. Beti bateratuta joan behar da: entrenatzaileen iritziak jasotzen ditugu, baita fisioarenak ere. Elkarregaz moldatzen ditugu lanketak.
Zelan kudeatzen da jokalari profesionalen ahalegina eta nekea? Norgehiagoka asko dituztenean edota denboraldi-aurrean, asko aldatzen da entrenamendua?
Orain entrenatzeko ordu asko dituzte, eta partidu asko dituztenean, ez. Denboraldi-aurrea da jokalarien prestaketa fisikoan lan gehien egiten dugun unea, partiduekin eta, batez ere, Eurokopagaz, nire lana murritzagoa delako. Astean bi aldiz 30 minutuko saioak egiten ditugu orduan, eta ordubeteko saioak egunero egiten ari gara orain.
Lesioak saihesteko lanketa egin behar da?
Lesioak saihestea ezinezkoa da, kanpo faktore askok eragiten dutelako horretan. Nutrizioa zaindu behar dute; menstruazioko faktoreak kontrolatu behar dira emakumezkoetan, garai horretan lesio gehiago izaten baitituzte; partiduetako kontaktuak ezin dira kontrolatu… Guk lesio arriskua gutxitzeko lan egiten dugu, eta horretarrako saiatzen gara euren gabeziak ahultzen eta gutxitzen. Baina kanpo faktoreek ere eragiten dute. Gure lanaren emaitzarik onena jokalariak entrenatzeko prest egotea da. Izan ere, gorabeherak izan ditzakete egoera fisikoan, baina taldean entrenatu ahal izatea da helburua.
Lesioetatik aparte, COVID-etik berreskuratzeko lana ere egin behar izan duzue.
Iaz oso entrenamendu desberdinak egin behar izan genituen. Zirkuituak antolatzeko orduan dena garbitu behar zen, eta euren arteko kontaktua ere murriztu genuen, entrenatzeko bikoteak sortuz. Talde osoa kutsatu zenean, jokalari bakoitzaren sintomak kontrolatu behar genituen eta berreskuratzeko lan fisiko mailakatua ezarri. Segidan partidu asko jokatu behar izan genituen, eta ezin izan genuen gura genuen besteko entrenamendu mailakatua egin. Lehiaketara moldatu behar gara, egutegira eta, ondorioz, astiroago egin gura genuena azkar egin behar izan genuen.
Zelan aldatu da prestatzaile fisikoen lana azken urteetan?
Prestakuntza fisikoa asko aldatu da azken hamarkadan. Ikerketa asko publikatzen dira, eta horien emaitzak entrenamenduetan ezartzen saiatzen naiz. Teknologikoki ere asko aldatu da, baina guk ez ditugu baliabide asko, eta erabiltzen dudan teknologia guztia mugikorra da. Aplikaziorik onena kamera da. Izan ere, ariketa asko grabatzen ditut, zuzenean ikusteko gai ez naizen ariketak gerora aztertzeko. Beste baliabide asko ere gura ditugu, baina oso garestiak dira.
Alde emozionala lantzen duzue taldean?
Beste aurrerapauso bat izango litzateke taldean psikologoak kontratatzea. Talde batzuk hasi dira psikologoekin lanean, oso garrantzitsua baita alde emozionala lantzea. Guk ez daukagu psikologorik, eta taldeko fisioa eta biok saiatzen gara jokalariak entzun eta ulertzen. Hurrekoak gara, denbora asko igarotzen baitugu elkarregaz.