Sendagaien Europako Agentziak uste du ez dela beharrezkoa hirugarren dosia jartzea
Gaur egun Europako Batasunean baimendutako txerto guztiek babes maila handia eskaintzen dutela esan du erakundeak. 18 urtetik gorakoek pauta osoa hartzea "lehentasuna" izan behar dela gaineratu du.
Gaur egun dagoen ebidentzia zientifikoa aintzat hartuta, EMA Sendagaien Europako Agentziak uste du ez dela beharrezkoa COVID-19aren kontrako hirugarren dosia jartzea. ECDC Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak argitaratutako txosten teknikoan oinarrituta, erakundeak uste du ez duela «urgentziazko premiarik» hirugarren ziztada jartzeak. EMAk atzo [irailak 1] hartu zuen erabakia, eta gaur [irailak 2] ohar bidez azaldu ditu arrazoiak.
Erakundeak esan du txertoaren eraginkortasunari buruzko ebidentziak eta txertoen babesaren iraupenak erakusten dutela gaur egun Europako Batasunean baimendutako txerto guztiek babes maila handia eskaintzen dutela; hala ere, oraindik 18 urtetik gorako hiru herritarretatik batek ez dauka pauta osoa, eta une honetan pertsona horien txertaketa prozesua amaitzeak izan behar du «lehentasuna», EMAk dioenez.
Nolanahi ere, EMAk zehaztu du immunitate sistema ahula dutenen kasuan –immunodeprimituen kasuan batez ere– gomendagarria izan daitekeela hirugarren dosia jartzea, hainbat ikerketak erakutsi dutelako pertsona horien immunizazio maila hobetu egiten dela txertoaren dosi gehigarri bat hartuta. Halaber, EMAk hirugarren ziztada hartzeko bidea ireki du zaurgarrien diren adineko pertsonen kasuan; bereziki, egoitzetan bizi direnen kasuan.
EMAren iritzia aintzat hartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko txertoen batzordeak, eta COVID-19aren aurkako hirugarren dosia soilik pertsona immunodeprimituei ematea aholkatu zuen. Datorren astean bilduko da Espainiako Gobernuko Lurralde Arteko Osasun Batzordea, eta han hartuko dute hirugarren dosiari buruzko behin betiko erabakia.
OME ere aurka. EMA ez ezik, OME Osasunaren Mundu Erakundea ere COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzearen aurka azaldu da. OMEk abuztu hasieran eman zuen hirugarren dosiari buruzko iritzia, eta, horren arabera, hirugarren dosirako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala da beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar dira aurrena.