Durangoko Azokak bisitariak edukiko ditu berriz
Azoka hibridoa antolatuko du Gerediaga elkarteak, abenduaren 4tik 8ra, saltoki digitalari eutsiz baina jende talde mugatu bati azokara joateko aukera emanez. Izena emateko epea irailaren 19ra arte egongo da zabalik.
Bisitari kopuru mugatuarekin eta osasun baldintzetara egokituta, baina edizio fisikoa edukiko du Durangoko 56. Azokak. Abenduaren 4tik 8ra azokak berriz ere bisitariak jasoko dituela esan du Gerediaga elkarteak ohar bidez, eta gaur [irailak 6] zabaldu du Landako gunean egon nahi duten saltzaileentzako izena emateko epea. Parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek irailaren 19ra arte izango dute horretarako aukera, azokaren webgunearen bitartez.
Gerediaga elkarteak aurrez aurrekoaren aldeko «apustua» egitea erabaki du, beraz, «Landakon mahaiak jarriz, bisitariak gonbidatuz eta urteroko sortzaile eta kulturzaleen arteko harremanak berreskuratuz»; eta aitortu du aurtengo azoka «erronkaz beteta» egongo dela.
Sormen Bekaren deialdia ere zabalik dago. Irabazleak 15.000 euroko diru saria jasoko du, bai eta sorkuntza prozesurako eta plazaratzeko laguntza ere
Hibridoa izango da azoka, halere: erdiz presentziala eta erdiz digitala. Bisitari kopuru mugatu batek salmahaiak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu, «momentuko osasun neurrietara egokituz eta segurtasuna bermatuz»; ordea, Durangora joaterik ez dutenek webgunearen bidez ere egin ahalko dituzte erosketak, iaz bezala. Beraz, aurten erakusmahaia alokatzen duten guztiek modu presentzial eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.
Sormen Bekaren deialdia ere zabalik dagoela jakinarazi du Gerediaga elkarteak. Aurten laugarren aldia izango du, eta edozein generotako kultur sorkuntza digitalean oinarrituko da. Sortzaile berriei zuzenduta dago, eta parte hartzaileek praktika edota adierazpen artistiko batean oinarritutako lan digital bat sortu beharko dute, alde fisikoarekin uztartu ahal izango dena. Hitzak barne dituen sormen lana bada, euskara hutsezkoa izan beharko du, egitasmoaren helburu nagusia euskarazko sorkuntza sustatzea baita.
Irabazleak 15.000 euroko diru saria jasoko du, bai eta sorkuntza prozesurako eta plazaratzeko laguntza ere. Izena emateko epea irailaren 21era arte egongo da zabalik. Proiektuak aurkezteko informazio zehatzagoa aurki daiteke durangokoazoka.eus webgunean.
Iazko esperientzia. Iazko azoka digitala izan zen, eta arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek; «hunkituta» ere azaldu ziren herritarrek erakutsitako babesarekin. Guztira 28.000 produktu saldu zituzten saltoki digital horren bidez, eta, elkarteak emandako datuen arabera, 413.000 euro inguru mugitu zirela ondoriozta daiteke. Azokaren balorazioan bertan adierazi zuen Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak alde presentziala berreskuratzeko asmoa, eta gaur bidalitako oharrarekin baieztatu dute asmo hori.