Etxean geratu da Mutrikuko Basurko memoriala
Gazte mailako Burumendi taldeak 3-2 irabazi du Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldekoen aurkako lagunartekoa
Mutriku Futbol Taldeak antolatuta, zapatu [irailak 4] arratsaldean jokatu zuten 2010an zendu zen Miguel Angel Basurko zenaren gizonezkoen gazte mailako oroimenezko txapelketa. Burumendik eskuratu zuen garaipena etxean; 3-2 irabazi zuten Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldekoen aurkako lagunarteko norgehiagoka. Herriko zaleen aurrean lortutako garaipenari esker, denboraldiaurrea “sentsazio onekin” amaitu dutela esan du Domeka Lasarte Mutriku FTko presidenteak.
Bi taldeak oso ondo moldatu ziren berdegunean. Partida oso parekatua eta borrokatua jokatu zuten, berdinketaz betea. Markagailuan aurreratzen lehenak mutrikuarrak izan ziren, baina markina-xemeindarrek emaitza berdintzea lortu zuten lehen zatian. Bigarren zatian, Burumendi pisua irabazten joan zen, eta markagailuan aurreratzeko gai izan zen. Bisitariek berriro lortu zuten berdinketa, baina mutrikuarrek erasoan jarraitu eta 3-2koa lortuta irabazi zuten. Markina-xemeindarrek bi aldiz berdindu zuten emaitza, eta markagailua euren alde ipintzen saiatu baziren ere, ezin izan zuten egoera irauli.