Herriko umeei zuzendutako zenbait ekintza dakarte Gizaburuagako Andra Mari jaiek
Beti-betiko jolasak, apar festa eta magia ikuskizuna antolatu dituzte. Aurten ez da Oibarko ermitan mezarik eta ostean ermita aurreko zelaian egin ohi den erromeriarik egingo.
Jaiak pandemia aurretik ospatzen zituzten eran ospatu ezin badira ere, Andra Mari jaiak izango litzatekezen egunetarako zenbait ekintza prestatu dituzte Gizaburuagan. Udal iturriek azpimarratu dutenez, eskaintza xumeagaz datoz aurten jaiak. “Batez ere, haurrei zuzenduriko ekintzak antolatu ditugu”.
Eguaztenean [irailak 8] ospatuko dute jaietako egun handia: Andra Mari Eguna. 11:30ean, Santa Katalina elizan egingo duten meza santuan batuko dira herritarrak, eta ondoren herriko trikitilariak ariko dira jai giroa sortzen. “Herrigunetik zehar kantuan ibiltzeko asmoa dugu. Kantu paperak banatuko ditugu eta trikitilariekin batera kantuan ibiliko gara, jai egunari zer edo zelako kolorea emateko nahiagaz”. Jaietako egun handian herriko nagusientzat bazkari bat ere antolatu ohi dute, baina aurtengo osasun egoera ikusita, horrelakorik ez antolatzalea erabaki dute.
Arratsaldean, berriz, herriko haurrentzako eta gaztetxoentzako askotariko jolasak egingo dituzte plazan, Ehunzangoren eskutik. Plazan batzen direnek txokor batzen, sokatiran, aringa-arinaga, aulki dantzan, sagar jaten edo mamuaren piñatan parte hartzeko aukera edukiko dute. Arratsaldea borobiltzeko apar festa egingo dute.
Eguenean [irailak 9], berriz, Oibarko Eguna ospatuko dute. Ohitura den modura aurten ez da Oibarko ermitan mezarik eta ostean ermita aurreko zelaian egin ohi den erromeriarik egingo. “Aurtengoagatik mezarik eta erromeriarik ez egitea pentsatu dugu, izan ere, hamaiketakoa zutik egiteko ohitura daukagu”. Urteroko ohiturari eutsi nahian baina, elizkizuna herriguneko Santa Katalina elizan egingo dute. Eguerdiko giroa Esunetako trikitilariek alaituko dute. Eguna Potx magoaren magia ikuskizunagaz amaituko dute.
EGITARAUA
- Eguztena [irailak 8], Andra Mari Eguna
- 11:30. Meza, herriko elizan.
- Ostean. Herriko trikitilariak.
- 16:00. Ehunzangogaz jolasak, plazan.
- Ostean. Apar festa, plazan.
- Eguena [irailak 9], Oibarko Eguna
- 11:30. Meza, herriko elizan.
- Ostean. Esunetako trikitilariak.
- 18:00. Magia ikuskizuna Potx magoagaz, plazan.