Iker Badiola: "Botikak COVID-19aren txertoen osagarri legez balioko luke"
EHUko Medikuntza Fakultateko zientzialari ondarrutarrak zuzentzen duen ikerketa taldeak COVID-19 birusak eragindako infekzioa inhibitzen duten konposatu batzuk aurkitu ditu.
Zuzentzen duzun ikerketa taldeak minbizia ikertzen dihardu. Zelan ailegatu zarete ohiko lan arlotik kanpo lan egitera?
Hau guztia burutik pasa ere ez zitzaidan egiten. Lankidetza bat daukagu Bordeleko Unibertsitateko INSERM Frantziako Ikerketa Institutu Nazionaleko taldeagaz. 2020ko martxoan, itxialdi betean, Majid Khatib hango ikertzailearen deia jaso nuen, esanez minbizian ikertzen ari garen proteinetako bat –furina– deskribatzen zela koronabirusaren kutsaduran bertan.
Eta zer da furina?
Proteina bat da, eta funtzio garrantzitsua beteten du COVID-19 birusaren infekzio prozesuan. Birusak arantza itxurako proteina bat dauka eta zelulekin elkartuz, gure gorputzean sartzea lortzen du. Arantza hori zelula barruan sartu ahal izateko furinak moztu egin behar du lehenengo, baina furina hori blokeatzen bada eta mozketa hori egin ezin bada, kutsadurak zabaltzen jarraitzeko ahalmena galduko luke.
Koronabirusak eragindako infekzioa inhibitzen duten konposatu bat ere aurkitu duzue bidean. Zein?
1.000 konposatugaz hasi genuen hasierako ikerketa. Fase horretan laborategiak itxita zeuden pandemiagatik, eta ordenagailu bidez egin zituzten simulazioak, Parisko INSERMen. Laborategiak ireki zituztenerako emaitzak iragazita genituen; frogak egiten hasteko hogei geratu ziren. Horietatik bostek oso emaitza onak eman dituzte.
Konposatu horien artean bada nabarmendu den batik?
Bai, laborategian egin ditugun modeloetan sulkonazolak eman du emaitzarik azpimarragarriena infekzioa inhibitzeko; %85 inguruko eraginkortasuna duela erakutsi dute emaitzek. Gainontzeko beste lau konposatuekin %70-80 bitarteko emaitzak lortu dira. Gogorarazi behar da hori guztia modelo homogeneoetan ikertu dugula. Modeloak, hain zuzen, errealitatetik hurbilen dauden esperimentuak dira. Birusagaz beragaz ezin izan dugu laborategian beharrik egin, gauza jakin batzuetarako kenduta, Espainiako Gobernuak galarazi egin du hori. Horren aurrean, horren antzeko egoera sortzen duten modelo batzuk sortu behar izan ditugu.
“Ezagutzera eman ezin ditugun beste lau konposatuen erabilera berria ere patentatze bidean dago orain momentuan”
Zenbat denbora egin zenuten hori guztia ikertzen?
2020ko udazkenean Zamudioko Innoprot enpresa biologikoagaz elkarlanean modeloak garatu eta geneuzkan hogei konposatu horiek modelo horietan esperimentatzen hasi ginen. Bost edo sei hilabeteren ostean, lehenengo emaitzak hasi ginen jasotzen, eta geratu ziren bost konposatuak sakonago aztertzen hasi ginen. Emaitzarik azpimarragarriena sulkonazolak zuela ikusita, 2021eko udaberrian sulkonazolaren erabilera berri hori patentatzea erabaki genuen. Ezagutzera eman ezin ditugun beste lau konposatuen erabilera berria ere patentatze bidean dago orain momentuan.
Ikerketari dagokionez, zenbat lerro jarraitu dituzue?
Bi ikerketa lerro jarraitu ditugu. Alde batetik, furinaren aurkako konposatuak ikertu ditugu. Eta, bestetik, koronabirusagaz kutsatutako gaixoen odolean furina zer neurritan aurkitzen den aztertu dugu; aurkitzen dugun furina kopuruaren arabera gaixotasunak duen larritasuna aurreikusteko modurik badagoen ikusteko aukera ere ikertzen ari gara. Hau da, markatzaile modura erabilerarik izango lukeen ere begira ari gara.
Mundu mailan sekulako oihartzuna eduki du egin duzuen aurkikuntzak. Hainbesteko oihartzuna edukitzeak zer suposatu du zuentzat?
Egia esan, ez genuen espero hainbesteko oihartzunik. Pozik gaude jaso dugun erantzunagatik. Ea honek guztiak ikerketa botika garatu ahal duten kontaktuetara ailegatzeko bultzada ematen duen.
“Entsegu klinikoetan sartu aurreko esperimentazioa egitea falta da orain”
Patentea garatzeko eta botika merkaturatzeko gaitasuna duen industriagaz harremanetan jarrita al zaudete?
Momentu honetan lehen kontaktuak egiten hasita gaude; bide horretan lehenengo pausoak eman ditugu. Nahikoa itxaropentsuak diren bizpahiru kontaktu eginda ditugu dagoeneko; ea honek guztiak aurrera egitea lortzen duen, oso itxaropentsu gaude.
Zein izango litzateke hurrengo pausoa?
Hurrengo pausoa klinika-aurrekoa deitzen dena da, hau da, entsegu klinikoetan sartu aurreko esperimentazioa egitea falta da orain. Hori amaitu ostean, entsegu klinikoetan sartuko ginateke, baina fase hori garatzaileek garatu beharrekoa da. Baina horretarako, bazkideak behar ditugu. Gu oinarrizko ikerkuntza talde bat gara, eta ez dugu horretarako nahikoa baliabiderik ez bitartekorik.
Atletaren oina sendatzeko ukenduetan erabili ohi izan da sulkonazola. Konposatu hori bestelako botiketan erabiltzen dela ikusita, koronabirusaren aurkako botika sortzea erraztu egingo lukeela uste duzue?
Bai, noski. Botikak onartzeko eskatzen diren esperimentazio asko eginda daude, eta errazago onartuko litzateke berau posible egitea ere.
Botika orain arte ukendu modura erabili izan ohi da. Koronabirusari aurre egiteko zelan erabili ahal izango litzatekeela uste duzue?
Hori garatu egin beharko litzateke lehenengo. Ez dakigu zelan administratu beharko litzatekeen, baina guk uste dugu arnastutako edo injektatutako botika modura izango litzatekeela.
Txertoen garai honetan, sulkonazola duen botika horrek zer leku beteko luke?
Botikak txertoen osagarri moduan balioko lukeela uste dugu; batez ere, txertoak eraginik izan ez duen pertsonei bideratuta egongo litzateke. Txertoek ez daukate %100eko eraginkortasunik. Txertoaren pauta osoa beteta duen pertsona batek erantzun immulogikorik ez badu garatzen eta birusagaz kutsatuz gero, gaixotasuna hedatzen eta larritzen hasten bada, arazo horri erantzuna emateko etorriko litzateke sulkonazola. Oso lagungarria izango litzateke txertatu barik kutsatu direnen kasuan ere.