Mutrikuko Gabilondoneko ur deposituko aparkalekua ezingo da erabili behin-behinean
Udal iturriek esan dutenez, aparkalekua Goizeko Izarra ikastolako COVID-19 protokoloa betearazteko itxi dute. Bizpahiru hilabetetan ezingo da bertan aparkatu.
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolako beheko jolaslekuan aterpea egiteko lanak hasiko dituzte datozen egunotan. Baina lan horiek aldaketa batzuk eragingo dituzte inguruan. Zehazki, Gabilondoneko ur deposituko aparkalekua itxi egingo dutela jakitera eman du udalak. Lanak amaitzeko bizpahiru hilabete beharko dituztela aurreratu dute, eta tarte horretan ezingo da bertan ibilgailurik aparkatu.
Koronabirusaren aurkako osasun protokoloa dela eta, ikastolara sartzeko sarrera berri bat prestatu behar izan dute. Sarbide berri hori, hain zuzen, Gabilondoneko ur depositu parean dago, eta aparkalekua horregatik itxi dutela esan dute. “Goiko jolaslekuan lanak egiteko erabiliko duten makineria dago kokatuta, eta horrek goiko jolaslekuaren leku zabal bat hartu du. Hilerri parean dagoen atetik sartzen direnek ere ezingo dute ate hori erabili. Hori dela eta, orain arte erabiltzen ez zen ate batetik sartu ahal izateko bide berri bat egitea erabaki da depositu parean. Sartu-irten horiek segurtasunez egin ahal izateko ezingo da bertan ibilgailurik laga”.
Aparkalekuaren inguru guztia hesitu egin dute, baita piboteak ipini ere. Behin-behinean itxita egongo den eremua jolasleku modura erabiltzeko asmoa ere agertu du udalak. “Eremuan ez denez ibilgailurik aparkatuta egongo, jolasorduetan jolasleku modura erabili ahal izatea ere aztertzen ari gara”.