Berriatuko ikasleek eskola berrian hasi dute 2021-2022 ikasturtea
Inaugurazio ofizialaren faltan, ikasleek gaur [irailak 8] estreinatu dute eraikin berria. Gurasoek ere eskola berria ezagutzeko aukera eduki dute. Eskola berria egiteko lanek urte eta erdi inguru iraun dute.

Berriatuko eskolako ikasleek eraikin berrian hasi dute gaur [irailak 8] 2021-2022 ikasturtea. Eskola handitzeko lanek iraun bitartean, ikasleak eta irakasleak herriko plazan ipinitako barrakoietan egon dira; urtebete baino gehiago egon dira barrakoietan. Oraindik inaugurazio ofizialik egin ez badute ere, Berriatuko eskola berria martxan dago.
Eskola komunitatea urte luzez eskola handitu beharra zegoela aldarrikatzen egon eta gero, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2019an onartu zuen Berriatuko eskola handitzeko proiektua. Lanak esleitzeko lehiaketa deitu eta gero, urte bereko udaberrian Murias enpresari esleitu zizkioten lanak. Obrak, baina, 2019ko udazkenean hasi ziren; lehen faseko lanei ekin zieten.
Eskolako erabiltzaileak 2020. urtean pasatu ziren barrakoietara, eta han egon dira klaseak eman eta hartzen aurtengo ekainean ikasturtea amaitu duten arte.
Berriatuko Udalak 2014ko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran onartu zuen herri ikastetxearen oinarrizko erreformarako proiektua
Beraz, gaur [irailak 8] eraikina estreinatzea tokatu zaie ikasle eta gurasoei. Eta eraikina barrutik ezagutzen ez zutenez, lehendabiziko eguna instalazioak ikusteko ere aprobetxatu dute guraso askok. Oro har, poztasun eta ilusio handiz estreinatu dute eraikin berria.

Berriatuko eskola berriaren eraikin berria. Argazkia: Berriatuko Udala.
1989. urtean eraiki zuten Berriatuko eskola. Urteekin, baina, beharrizanak gehitzen joan dira. Hala, duela urte batzuk eskolak hurrengo urteetan egon litezkeen eskaeretara moldatuta egoteko premia zeukala aldarrikatu zuten.
Eskaerari erantzunez, Berriatuko Udalak 2014ko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran onartu zuen herri ikastetxearen oinarrizko erreformarako proiektua.
Proiektua esleitu zutenean azaldu zutenez, eskola berriak orain arteko ikasle edukiera bera dauka, 130 inguru, baina instalazioak gaurkotu dituzte. Guztira, sei gela berri ditu eskolak. Hala nola, informatika gela berri bat, areto handia, musika gela, irakasle gela… Horrez gain, eraikin berriak iriste erraztasuna ere bermatzen du.