Gizaburuagako Andra Mari jaiak, herriko umeen eta nagusien gozagarri

Andra Mari jaiek giro ona ekarri dute Gizaburuagara. Gaur [irailak 8] Andra Mariaren omenez egindako mezagaz hasi dituzte ospakizunak. Gogoz hartu dituzte jaiak, eta kantuan, jan-edanean eta lagunarteko giroan ekin diote bazkalaurreko tarteari. Herriko nagusiak hamaiketakoa egiten ari ziren bitartean, plazaren bueltan batu direnak kantu herrikoiak abesten aritu dira herriko hiru trikitilarigaz eta bi panderojolegaz giro ezinhobean.
Arratsaldean, berriz, umeen txanda izan da. Ehunzangoren eskutik beti-betiko jolasak egiteko tartea eduki dute. Plazara bertaratu direnek, gainera, herritarrek Juanjo Ibarragagaz marrazki eskolan egindako lanen erakusketa ikusteko aukera ere eduki dute. Arratsaldea apar festan dzangadaka amaitu dute.
Bihar [irailak 9] emango diete amaiera herriko jaiei. 11:30ean Oibarko Amaren omenezko elizkizuna egingo dute herriko Santa Katalina elizan. Ondoren, Esunetako trikitilariek alaituko dute eguerdiko giroa. Aurtengo jaiak Potx magoaren magia ikuskizunagaz amaituko dituzte. 18:00etan hasiko da umeei eta familiei zuzendutako ekitaldia.

Herriko nagusiak mahaiaren bueltan batu dira eguerdian. Argazkia: Gizaburuagako Udala.

Juanjo Elordiren ikasleek plazan ipinitako marrazki eraskuketa. Argazkia: Gizaburuagako Udala.

Herriko ume eta gaztetxoak, aulki jokoan jolasten. Argazkia: Gizaburuagako Udala.