Nagore Leonek eta Itziar Sainz de Ojerrek emakumeak protagonista dituzten ipuinak dakartzate Uhagonera
Barikuan [irailak 10] kulturguneko lehen solairuan eskainiko duten 'Itsaspetik azalera, azaletik plazara' kontaketa saioan, poesia, istorioak eta kantuak tartekatuko dituztela azaldu du artista markina-xemeindarrak.

Nagore Leon Plaza markina-xemeindarra ipuin kontalari ariko da barikuan [irailak 10] Uhagon kulturgunean. Leon IX. Ahozko Ipuin Narrazio lehiaketaren irabazlea izan zen martxoan, Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdiaren baitan. Jaialdi horren harira sortu zuen duela lau bat urte ipuin kontaketa egitasmoa Itziar Saenz de Ojer Martinez aktore eta sortzaileagaz batera. Biak antzerkian aritutakoak izanik, aurretik ezagutzen zuten elkar, eta ipuin kontaketa proiektuan batu ziren.
19:00etan kulturguneko lehen solairuan eskainiko duten Itsaspetik azalera, azaletik plazara kontaketa saioan, poesia, istorioak eta kantuak tartekatuko dituztela azaldu du artista markina-xemeindarrak. “Gure ipuinetako protagonista denak emakumeak dira. Ipuin batzuk Euskal Herrian oinarritutakoak dira, eta beste batzuk Clarissa Pinkola Estes idazleak argitaratutako Mujeres que corren con lobos ipuin bildumakoak dira”, azaldu du.
Lau ipuin kontatuko dituzte barikuko saioan, baina antzerki eta abestiekin harilkatuta doa dena. “Oso era xumean sortutako formatua da, baina orain arteko emanaldietan izan dugun jendearen feed-backa ona izan da”. Historian zehar isilpean gelditu diren pasarteak izango dira, garai bateko kostaldeko jendearen patua agerian utziz.
Helduei begira sortutako ipuin kontaketa bat dela ere argitu du Leonek. “Umeak etortzen badira ongietorriak izango dira, baina ipuin kontaketetara ohituta badaude aspertu egin daitezke. Baliteke zenbait termino ez ezagutzea, gainera”.
Hastapenak. Nagore Leonek Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldean eman zituen antzezpeneko lehen pausoak, bere azken lana Besaulkiak izan zelarik. Tolosara bizitzera joan zen ondoren, eta bertan ezagutu zuen Ahozko Ipuin Narrazio lehiaketa. Klown-a egiten ere hasi zen, eta ikastaroak ere jaso zituen Virginia Imaz Quijera pailazo profesional eta Oihulari Klown antzerki taldearen sortzailearen eskutik. Horrek guztiorrek, eta bere lanbidea dela-eta bisita gidatuak ere egin izanak eraman zuen ipuin kontalari modura lehen urratsak ematera. Hurrekoenetik hasitako pausoek, azkenik, Ahozko Ipuin Narrazio lehiaketan parte hartzera bideratu zuten. Orain dela pare bat urte bigarren geratu zen aipatutako lehiaketan, eta Itziar Saenz de Ojer izan zen bigarrena. Aurtengo martxoan, berriz, epaimahaiaren emaitzek Nagore Leon egin zuten irabazle.
Ekintzak edukiera mugatua edukiko duenez, Leon eta Saenz de Ojerrek eskainiko duten ipuin kontaketara joan nahi dutenek gonbidapenak eskuratu behar dituzte aldez aurretik udaletxeko kutxazainean. Nortasun agiri zenbaki bakoitzagaz, gonbidapen bi hartu daitezke gehienez ere. Kutxazainaren ordutegia: 08:15etik 20:00etara da, astelehenetik zapatura.
Barikuko saioaz gainera, helduentzako beste ipuin kontaketa saio bategaz gozatzeko aukera egongo da datorren barikuan [irailak 17]: Hotzikara ipuin erotikoak, Ines Bengoa eta Iosu Lizarraga antzezle eta musikariagaz.