Ordiziako gazta txapelketako hirugarren saria, Mutrikura
Mutrikuko Olatz bailarako Goienetxe gaztandegiko Beñat Egañak hiru hilabete eta erdi eta lau hilabete artean ondutako ketutako gazta batekin lortu du saria.

Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Ordiziako 48. Gazta Txapelkatan hirugarren saria irabazi du Mutrikuko Goienetxe gaztandegiak. Beñat Egaña Albizu gaztagile mutrikuarrak pozik jaso ditu Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 500 euroko saria, Beti Alai pilotalekuan ateak itxita egin den ekitaldian. “Ardi Latxaren esnearekin gazta egiten dugunontzako hemen bueltan dagoen sariketarik garrantzitsuena da Ordiziakoa. Aste borobila izan da. Gaur lortutako hirugarren sariarekin eta lehengo astean Legazpin egin zen Gipuzkoako 37. Ardi Gazta Txapelketan ere hirugarren saria lortuta, pozik eta gustura nago”.
Hiru hilabete eta erdi eta lau hilabete artean ondutako ketutako gazta batekin lortu du saria Olatz bailarako gaztagileak. “Orain arte sekula ez dugu gaztarik ketu, ez dugu halako ohiturarik eduki, baina Ordizian txapela ketutako gaztak lortzen duela jakinda, aurten ketutako bat aurkeztea erabaki dut. Eta igarri egin dudala dirudi. Azken urteetan lehen hamarren barruan sartu izan gara, baina sari potoloetara ez ginen ezta hurreratu ere egiten”.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 45 gazta aurkeztu dira aurtengo txapelketara, iaz baino bi gehiago. Epaimahaia askotariko adituek osatu dute, eta maila altuko gaztak aurkeztuko direla nabarmendu dute. Ander Gonzalez, Elena Arzak, Martin Berasategi eta Andoni Luis Aduriz moduko goi mailako sukaldari ezagunek ere parte hartu dute dastaketan. Epaimahaiak txapelketara aurkeztu diren gazta guztiak probatu ostean hamalau aukeratu ditu finalerako: zortzi gazta zuri eta sei ketu. Hamalau horietatik, bost ailegatu dira azken aukeraketara, tartean, mutrikuarrarena.
Sari nagusia Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goibururentzat izan da. Bigarren saria, berriz, Ordiziako Otatza gaztandegiko Joseba Insaustik lortu du
Azken txanpara ailegatu diren bosten artean egoteak ezustean harrapatu du mutrikuarra. “Oso urduri egon gara. Aita bertan egon da goizetik, eta gure gazta zein den ezagutu egin du; M hizkiarekin parte hartu du. Azken fasera igarotzen diren bosten artean egon zitekeela esan didanean sinestu ere ez dut egin. Irabazleak atzetik aurrera iragartzen hasi direnean, eta hirugarrena neu nintzela entzun dudanean pozik geratu naiz”.
Sari nagusia Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goibururen gaztak lortu du; 1.720 puntu eskuratu ditu denetara. 1.706 puntu eskuratuta, Ordiziako Otatza gaztandegiko Joseba Insaustirentzat izan da bigarren saria. Beñat Egaña mutrikuarrak txapelkatara aurkeztutako gaztak, berriz, 1.688 puntu eskuratu ditu. Laugarren eta bosgarren sariak, hurrenez hurren, Egozkueko Loperena gaztandegiko Marta Perez Loperenarentzat (1.682 puntu) eta Araia Lekuona gaztandegiko Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagarentzat (1.666 puntu) izan dira.
Gaurko moduko sari bat lortzea garrantzitsua dela azpimarratu du Egañak. “Egiten dugun lana ondo egiten dugula aitortzeko beste modu bat dira halako sariak. Halako aintzatespenek, gainera, gazta saltzeko orduan ere zer edo zer laguntzen dute”.