Pertsona baten hilotza agertu da Mutrikuko Saturraran hondartzan
Gorpua Mutrikuko 34 urteko gizonezko batena dela baieztatu dute larrialdi zerbitzuek. Ertzaintzak, Gurutzea Gorriak, Osakidetzak, Mutrikuko Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak parte hartu dute operatiboan. Ikerketa zabalik dago.

Gaur goizean [irailak 8] agertu da gorpua Mutrikuko Saturraran hondartzan, olatu hormatik gertu. Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman dutenez, 08:30ak pasatxo lekuko batek eman du abisua, hareatzatik 50 metrora pertsona baten gorpua zirudiena flotatzen ari zela esanez. “Berehala bertaratu dira Gurutze Gorriraren ontzi bat, Ertzaintzaren zaintza eta erreskate unitatea eta Osakidetzako anbulantzia bat; gizonezkoa hilik zegoela baino ezin izan dute egiaztatu”, esan dute larrialdi zerbitzuetako langileek.
Gorpua hondartzan laga dute. Guardia Zibila, uretako erreskate ontzi bat eta Mutrikuko udaltzainak ere joan dira gorpua agertu den lekura. Ikertzaileek laginak jaso dituzte hondartzan, eta 11:00etarako gorpua agertu den eremua hesitu eta estali egin dute. 11:05 aldera Joseba Palenzuela eta Garoa Arizmendi Mutrikuko alkatea eta alkateordea ere bertaratu dira.
Gerora baieztatu dute gorpua Mutrikuko 34 urteko gizonezko batena dela. Lekukoek esan dutenez, ehorztetxekoek 12:05ean eraman dute gorpua. Ikerketaz arduratzen ari direnek ikerketa zabalik dagoela nabarmendu dute.