El Duesoko kartzelan dago Imanol Miner
Bariku [irailak 10] arratsaldean ailegatu zen Santoñako kartzelara, Burgosko eta Zaballako kartzeletan geldialdia egin ostean. Hurrekoen lehen bisita ere jaso du.
Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean zegoen Imanol Miner Villanueva preso hernaniarra El Duesoko (Kantabria, Espainia) kartzelan dago barikuaz [irailak 10] geroztik. Espainiako Espetxe Erakundeek abuztuaren 31n eman zuten lekualdatzearen berri eta 10 egun geroago hurreratu dute. Sortzez herniarra bada ere, Ondarroagaz lotura berezia dauka; etxetik 120 bat kilometrora egongo da aurreratzean.
Minerren bikoteak HITZAri azaldu dioenez, egun berean gauzatu zen lekualdaketa. “Kontatu digunez, pentsa baino hobeto egin zuen bidaia. Imanolen orain arteko lekualdaketa guztiak oso gogorrak izan dira, eta horregaz kezkatuta geunden. Bariku arratsaldean jaso nuen bere deia; El Duesora ailegatu zela esateko dei motz bat egiteko baimena eman zioten funtzionarioek. Eguen [irailak 9] arratsaldean Dueñasko kartzelako beste modulu batera lekualdatu zutela esan zidan, eta gaua han igaro ondoren, hurrengo egunean lekualdatu zuten. Esan digunez, Santoñara bidean Burgosko eta Zaballako kartzeletan geldialdia ere egin zuen”.
Asteburuan, gainera, hurrekoen lehen bisita jasotzeko aukera ere eduki du. “Domekan [irailak 12] jaso zuen lehenengoa eta asteburuan jasoko du hurrengoa. Beragaz berba egiteko eduki dugun tarte txikian oso pozik sumatu dugu. Albistea positiboa da, baina ez gara ahaztu behar Imanolek kartzelan egoten jarraitzen duela, etxetik urrunduta. 19 urte daramatza kartzelan, eta dagoeneko beste egoera batean egon behar luke”.
Asier Badiola preso ondarrutarra eta Julen Atxurra preso lekeitiarra ere kartzela berean daude. Haiekin egoteko ere tartea eduki du. “Asier Badiola Indixu ondarrutarra dagoen eraikin berean dago. Ziegak ere bat bestearengandik hurbil dituzte; Asierrena bi haruntzago dago. Julen Atxurra Pototo ere bertan dago. Nahikoa hurre daudela dirudi; patioan harekin egoteko aukera eduki duela kontatu dit”.