Herriko taldeei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Ondarroako Udalak
Eskaerak Udal Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira; urriaren 13a da horretarako azken eguna.
2020erako eta 2021erako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik daukate Ondarroako elkarte eta eragileek. Udal iturriek zehaztu dutenez, honako zazpi arloetako bateko jarduerak eta ekimenak lagunduko dituzte diruz: hezkuntza, kultura, euskara, kirola, berdintasuna, gizarte arloa eta ingurumena. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, urriaren 13a da horretarako azken eguna. “Epez kanpo aurkeztutako eskabideak baztertu egingo dira, proiektua baloratu ere egin barik”.
Egoitza edo jarduketa eremua Ondarroan duten pertsonek eta irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakundeek eskatu ahal izango dute diru laguntza. Eskaria egiteko dokumentazioa Erregistro Orokorrean (Kantoipe, 3) dago eskuragarri edo Ondarroako Udalaren webgunetik jaitsi eta inprimatu daiteke. Eskabidea behar bezala beteta eta eskatutako dokumentazioa Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dute eskatzaileek. “Dokumentazioa ordenagailuz bete nahi izanez gero, udaleko teknikariek bidaliko dute interesdunen posta elektronikoetara”.
Diru laguntzak emateko prozedura kasuan kasukoa izango dela jakitera eman dute, eta irizpide batzuk ezarri dituzte eskabideak onartzeko. Xehetasun horiek guztiak udalaren webgunean ipini dituzte eskuragarri. Gaineratu dutenez, 2020erako eta 2021erako eskaerak zein bere aldetik aurkeztu beharko dira, beti ere, udalak prestatutako eredu normalizatuen arabera. “Batak besteagaz ez du inolako loturarik eta bete beharreko dokumentazioa ere desberdina da. Hala badagokio, eskaera bi aurkeztu beharko dira: bata, 2020 epealdirako eta, bestea, 2021erako”.
Udalak bi deialdiak aldi berean egin beharreko arrazoiaren zergatia ere azaldu du. “Udalak gobernuak zeukan erronketako bat bete eta bere diru laguntza deialdiak egunean ipintzea lortu da deialdi honegaz. Azken deialdiak egiterako orduan deialdi horiek Madrilera bideratu behar izateak asko zaildu dizkigu lanak, baina aurten, deialdi bikoitza eginda, deialdiak eguneratzea lortu dugu”.