Hamahiru batukada feminista, Ondarroako Andrabandaren urteurrena ospatzeko
Euskal Herriko Andrabanda Feministen topaketa zapatuan [irailak 18] egingo dute Ondarroan. Martxoan hasitako hausnarketa prozesuari era kolektiboan emango diote jarraipena.
Ondarroako Andrabanda Feministak 10 urte bete ditu aurten. Urteurren berezi hori «behar den modura» ospatzeko aitzakiagaz, Euskal Herriko gainerako batukada feministekin elkartu eta hausnarketa prozesu bat abiarazi nahi dute, eta hori guztia gauzatzeko Euskal Herriko Andrabanda Feministen Topaketa antolatu dute Topaketa Batukada Feminista Sareagaz batera. Jai kutsuko ekintza aldarrikatzailea zapatuan [irailak 18] egingo dute Ondarroan. “Zer izan garen, zer garen eta zer izan nahi dugun hausnartzeko aukera ezinhobea iruditu zitzaigun urteurrena. Urtebeteko hausnarketa prozesua abiarazi dugu, baina prozesu hori ez dugu bakarka egingo. Beste andrabanda feminista batzuk gonbidatu ditugu, hausnarketa hori era kolektiboan egiteko”.
Urte hasieratik grabatzen ari diren dokumentala osatzeko ere baliatuko dute zapatuko topaketa
13 batukada feminista batuko dira Zaldupe eskola publikoaren jolastokian, euren zaletasunaz gozatu eta gogoeta egiteko asmoagaz. «Herri txiki zein handietako 120 emakume batuko gara». Andrabanda Feministagaz batera, ondoko herrietako taldeetako kideek ere parte hartuko dute hausnarketa prozesuan: Mutriku, Gasteiz, Arabako Mendialdea, Bilbo, Basauri, Elgoibar, Durango, Tolosa, Zarautz, Donostia eta Orereta.
Gainera, urte hasieratik grabatzen ari diren dokumentala osatzeko ere baliatuko dute zapatuko topaketa. «Hausnarketa prozesu guztia dokumentalaren grabaketagaz hasi genuen. Martxoan hasi ginen martxan eta topaketan egiten duguna ere dokumentalean batuko dugu. Ikus-entzunezko horretan jaso ditugu gure helburuak, ibilbidea, funtzionamendua eta etorkizuneko erronkak».
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, COVID-19aren aurkako neurriak behar bezala jarraituko dituzte. Jende pilaketak saihesteko, esaterako, ez dute geldialdirik ere egingo. Zaldupetik hasi eta zuzenean Itsasaurrera lau multzotan banatuta joango dira kalejiran. Geldialdi bakarra Itsasaurren egingo dute, eta handik Zaldupera abiatuko dira berriro.
EGITARAUA:
- 10:00: Ongi etorria eta aurkezpena, Zaldupe eskola publikoko jolastokian, Beatriz Egizabal pailazoaren eskutik.
- 10:30: Andrabanda Feministak: jabetu, antolatu eta kaleak hartzen hitzaldia, Ainara Sarasketa eta Arantza Vicedoren eskutik.
- 11:00: Andrabanda Feministak ehuntzen hausnarketaren osaketa, Euskal Herriko Andrabanda Feministen ekarpenekin.
- 12:00: Topaketaren ondorioak, Beatriz Egizabalegaz.
- 13:30: Andrabanda feministen kalejira, Zaldupetik hasita.
- 15:00: Bazkaria.
- 18:00: Kontzertua: Arantxa Vicedo.