Irailaren amaieran egongo da erabilgarri Ondarroako Plaiko Zubia
Artibai errekaren alboan dagoen pasealekuaren parean dagoen eskailera ipini, alde bietako urbanizazio lanak amaitu eta zama-froga egitea falta da.
Geroz eta gutxiago falta da Ondarroako Plaiko Zubia erabilgarri egoteko. Zubiaren eraberritze lanez arduratzen ari den Orion enpresako arduradunek HITZAri jakitera eman diotenez, “oso gutxi” falta zaie dena amaitzeko. “Azken ukituak eman eta falta diren probak egitea falta da bakarrik. Datorren astearen amaieran [irailak 24-26] erabilgarri egotea aurreikusten dugu”.
Gaur [irailak 14], esaterako, zubiari falta zitzaion azken zatia ekarri dute. Artibai ibaiaren ondoan dagoen pasealekuaren pareko eskailerak jartzeko lanekin hasi dira goizean. “Eskailera gaur, asko jota bihar, ipinita geratuko da. Goiko eta beheko portikoetara egokitzen dugunean listo egongo da, baina egitura arrasean eta dagokion kotan gera dadin doikuntza lan batzuk ere egin beharko ditugu. Jarrita dagoenean urbanizazioa amaitzeko falta diren azken lanei ekingo diegu. Zulo bat egin behar izan da eskaileretarako zimenduak jartzeko, eta hori guztia estali egingo da. Pasealekuaren ertzetik kendu ditugun barandak ere berriro ipintzea falta da”.
Alamedan dauden eskailerak ingururatzen dituen eremuan ere urbanizazio lan gutxi batzuk falta direla gaineratu dute. “Baranda zirkularra jartzea geratzen da, jendea egin dugun kanalera erori ez dadin”.
Lan horiek guztiak amaitu ondoren, zubia irekitzeko falta den azken proba egingo dute. “Orain arte egin ditugun probak ondo joan dira. Zubia ondo zabaltzen da eta biraketarako mekanismoa ere bikain dabil. Dena amaitzeko zama-froga egitea falta zaigu. Dena ondo bidean badoa barikuan [irailak 17] egiten saiatuko gara. Bidoi batzuk ipiniko ditugu zubian zehar sakabanatuta, eta egitura kargatzen joateko horiek urez betetzen joango gara. Egitura ez dela deformatzen eta proiektatukoaren arabera eginda dagoela ziurtatzea da probaren helburua”.