Begoña Chaves Agulla: "Ondarroagaz lotura estua eta berezia dauka 'Salitre' bildumak"
Diseinatzaile ondarrutarrak lehen zuen lana alde batera utzi eta moda ikasteari ekin zion duela urte gutxi batzuk. Gradu amaieran aurkeztutako bilduma bategaz lehendabiziko saria lortu du.
Mallorcako III. Design Dayko sari nazionala irabazi duzu duela gutxi. Zelan sentitzen zara?
Antolakuntzatik deitu zidatenean adarra jotzen ari zitzaizkidala pentsatu nuen; nire alabek asmatutako txantxa bat izango zela pentsatu nuen lehen unean. Ez nuen sinistu ere egiten. Saritua ni nintzela esateko deitu zidatenean beste parte hartzaile bateren baten telefono zenbakiagaz okertu egingo zirela ere erantzun nien, baina irabazlea Salitre nire bilduma zela esan zidatean, ez zirela okertu ohartu nintzen.
Sari honek zer suposatzen du zuretzat?
Egindako lanari aitortza, batez ere. Moda munduaren barruan zaudela jakitea eta sortzen duzuna jendeak gustuko duela ikustea oso pozgarria iruditu zait.
Esku artean daukazu saria?
Ez, irailaren 24an Mallorcan egingo den ekitaldi batean jasoko dut. Bilduma irabazlea ere ekitaldi horretan aurkeztuko dugu. Sorkuntzak asto batean egongo dira ikusgai, eta aukeratu dudan jantzietako bat, soinean daraman modeloa ere han egongo da. Hori bai, COVID-19a dela eta, desfilean parte hartu beharko luketen bilduma horien aurkezpena digitalki egingo da.
“Bizilagun baten ganbaran gordeta eta botatzeko zituen izara zahar batzuk ere erabili ditut jantziak egiteko”
Hilaren 24ko ekitaldira begira, urduri zaude?
Ez dakit albistea oraindik ez dudalako guztiz sinistu edo zergatik izango den, baina ez nago urduri. Orain arte egindako lan guztia ondo joan da, eta alde horretatik lasai nago. Duela bi aste Mallorcan egon nintzen desfile birtualaren xehetasun guztiak prestatzen eta grabatzen. Modeloek jantzien proba egiterako egunean zer edo zer urduri egon nintzen. Jantzi guztiek ondo egon behar zuten, eta bateren bat txarto geratzeko beldur nintzen, baina denak ondo irten zuen. Egia esan, dena bideratuta dago eta alde horretatik, beraz, lasai geratu naiz.
Desfilea ikusten duenak zer ikusteko aukera edukiko du?
Berrerabilitako oihalekin egindako jantziak ikusiko dituzte batez ere. Jantzietako bat, esate baterako, alde batetik kortxoagaz eginda dago eta, beste aldetik, kotoiagaz. Jantzi hori aurretik Getxo Modan aurkeztu nuen bilduma baten erabili nuen. Itxita dagoen atelier batean erosi nituen ehun hondarrekin eta bizilagun baten ganbaran gordeta eta botatzeko zituen izara zahar batzuk ere erabili ditut jantziak egiteko.
Erabili duzun material guztia berrerabilitakoa da orduan.
Jantzi batean oihal biodegradagarri bat erabili dut. Hori izan ezik beste guztia berrerabilitakoa da. Lehiaketaren gaia Save the sea (salba dezagun itsasoa) zen, eta bertara aurkeztu ginen guztiok bilduma jasangarriak aurkeztu behar izan genituen.
“Marinelek erabiltzen dituzten arropetan, Beristainen margolanetan, Ondarroako emakumeetan… oinarritu naiz”
Gaia ikusita aurkeztea erabaki zenuen orduan?
Bilduma, egia esan, aurretik osatuta neukan; 2019an ikasketak amaitu nituenean, karrera amaierako proiektu modura aurkeztu nuen, hain zuzen. Sariketa hau, berez, iaz ospatzekoa zen; 2020ko martxoan aurkeztu nuen nire proposamena. COVID-19agatik dena bertan behera geratu ostean, aurten egin dute lehiaketa.
Zelan sortu zitzaizun sariketa horretara aurkezteko aukera?
Ikasi nuen tokiko irakasle batek deitu zidan III. Mallorca Design Day aurkeztu zutela eta antolatzaileek aukeratutako gaia (Save the sea) nik karrera amaieran aurkeztu nuen bildumaren gaiagaz bat zetorrela esanez. Sariketara aurkeztera animatu ninduen, eta espero egin barik ere, irabazi egin dut.
Salitre (Kresala) izena ipini diozu bildumari. Zerbait bereziagatik?
Bilduma itsasoan oinarrituta dago. Marinelek erabiltzen dituzten arropetan, Beristainen margolanetan, Ondarroako emakumeetan… oinarritu naiz. Ondarroagaz lotura estua eta berezia dauka Salitre bildumak, eta aldi berean ingurumenari ere keinu nabarmena egiten dio.
Ze neurritan?
Etxeko leihotik ikusten dudan ikuspegiaren begirada antzeko bat ere bada bilduma; aurkezpena ere halaxe hasten dut. Leihotik begira ari nintzen neguko egun batean Arrigorri hondartza zikinez beteta ikusi nuen. Hori ezin zela onartu iruditu zitzaidan. Horrela jarraitzen badugu itsasoa eta planeta hondatu besterik ez ditugu egingo. Daukagun ingurune natural paregabea ikusita, zerbait egin beharra daukagu nahitaez, eta mezu hori ere zabaldu nahi izan dut bilduma honegaz. Azken finean, berrerabiltzea, birziklatzea eta lehendik ere dagoenari itxura aldatuta zerbait berria sortzea posible dela transmititu nahi izan dut. Etengabe gauza berriak erosten ari gara, eta modu horretara planetako baliabide naturalak agortzen ari gara. Baliabide nahikoa daukagu. Horrek ez du esan nahi gauza berriak erosi behar ez ditugunik, ezta gutxiago ere. Etxean zaharkituta daukazun kamiseta bat, esate baterako, gauza gutxi batzugaz erabat eraldatu dezakegu. Oihal zati bat erosi, moldaketa batzuk egin eta kamiseta hori guztiz eguneratu dezakegu, berri bat erosteko beharrik barik.
Bilduma zenbat jantzik osatzen dute?
Zortzi look sortu ditut. Nire bizitzagaz lotura estua daukaten hondartzen izenak dituzte guztiek. Look batzuek hemengo hondartzen izenak dituzte eta beste batzuek Galiziakoenak, nire eta gurasoen sorterrikoak, alegia. Arrigorri, Saturraran, Bueu, Xastelas… moduko izenak jarri dizkiet.
“Aitortza honek beste bultzada bat emango digula uste dut”
Horietan bada berezirik?
Sortu dudan bereziena Beluso da. Nire ama jaio zen herriko hondartza da, eta hari eskaini nahi izan diot izen hori daraman soinekoa; omenaldi xume bat eskaini nahi izan diot. Ama Carmen deitzen zen, eta hura jaio zen Galiziako herrian sekulako garrantzia dauka amabirjina horrek, marinelen zaindaria da. Look horregaz Karmengo Ama irudikatu nahi izan dut eta baita Ondarroako Antiguako Ama ere. Antiguako baselizan ezkondu nintzen, eta herriko zaindari modura ere esanahi berezia dauka niretzat. Nire ustez, bildumako soinekorik deigarriena da.
Marka propioa ere badaukazu. Hau guztia lagungarri suertatuko zaizula uste duzu?
Duela urtebete Resilian marka merkaturatu nuen. Nelez marka merkaturatu berri duen Jone alabagaz batera hementxe Ondarroan ireki nuen tailerra. Aitortza honek beste bultzada bat emango digula uste dut.
Hasiberria zara. Zelan ailegatu zinen diseinu mundura?
Gaztea nintzenean jostea oso gustuko nuen. Mojetan erakutsi zidaten, eta nire garaian joskintzako eskolak ere eman nituen. Gerokoan, utzi egin nuen, eta hogei urtez, alor honegaz zerikusirik ez zeukan lan batean jardun nuen. Inauterietako jantzi bat egitea eskatu zidaten duela urte gutxi batzuk, eta neure burua mahuka bat muntatzeko ere ezinean ikusi nuen. Horren ostean, ikasteko gogoa sartu zitzaidan. Estilista gradu bat aurkitu nuen Inedin. Hasiera batean lau urteko gradu bat gehiegi iruditu zitzaidan, eta urtebeteko probaldi bat egitea erabaki nuen. Neure burua gustura ikusi nuen eta, azkenean, gradu osoa amaitu nuen.